Bihartik aurrera 40 soroslek zainduko dituzte eskualdeko bainulariak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko eka. 1a, 00:11

Bainu-denboraldiari hasiera emateko, guztira, 6,2 milioiko inbertsioa egin du Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailak. Bihar (ekainak 1) hasi eta irailaren 30era arte iraungo du udako denboraldiak. Kostalde bizkaitarreko hareatza guztiak egokituta daude, baita bertako atsedenlekuak ere, Iosu Madariaga diputatuak gaurko prentsaurrekoan adierazi duenez. Garbiketa-ekipoak, instalazioak eta zerbitzuak prest daude. Aldundiak hondartzetan salbamendu eta sorospen zerbitzua emateko 12 modulu berri jarri ditu, horietatik batzuk Barrikan, Muriolan, Areetan, Gorrondatzen eta Armintzan. Horretaz gain, luzatu egin dute sorosle-zerbitzua emateko epea: ekainaren 1etik irailaren 30era. Egunero, guztira, 88 sorosle arituko dira lanean, 40 Uribe Kostan bakarrik: 2, Areetan; 5, Ereagan; 3, Arrigunagan; 3, Gorrondatxen; 4, Barinatxen; 7, Arrietara-Atxabiribilen; 2, Barrikan; 2, Muriolan; 4, Plentzian; 6, Gorlizen; eta 2, Armintzan. Horretaz gain, salbamendu-ontziak, uretako motorrak, erreskaterako quadak eta hondartzainak egongo dira. Argazkian, bainulariak Gorlizen.

Ingurumen Sailak 6,2 milioi euroko aurrekontua jarri du hondartzak garbi eta ondo zainduta egon daitezen eta beharrezkoak diren azpiegiturak eta zerbitzuak izan ditzaten. Guztira, egin den inbertsio hori honela banatzen da: 2,31 milioi euro, garbiketarako eta mantentze eta konponketa-lanak egiteko; 2,1 milioi, salbamendu eta sorospenerako; 0,59 milioi, hareatzak zaintzeko; 0,45 milioi, azpiegituren lanetarako eta irisgarritasuna hobetzeko; 0,4 milioi, ekipamenduetarako, eta, gainerakoa, azterlan eta proiektuetarako, sentsibilizazio-kanpainetarako, laguntza teknikoetarako, beste hornidura eta ondasun batzuetarako, eraikinak egokitzeko lanetarako, hondartzainen jantzietarako...

Udaro bezala, Bizkaiko hondartzek ekipamendu oso bat izango dute. Aurtengo denboraldian 202 dutxa, 55 iturri, 920 paperontzi eta bidoi, 930 plataforma parrillatu, oinak garbitzeko 59 iturri eta 2.157 metro zurezko pasabide jarri dira, guztira. Aurten dutxa, iturri eta oinak garbitzeko iturrien instalazioetarako euskarriak ere berritu dira, altzairu herdoilgaitzezkoak jarrita, neguko ekaitzek hormigoizko plataformak hondatzea ekiditeko. Algortako Ereagako hondartzan izandako esperientziarekin egokiak direla ikusi da. Azpiegituren atalean, 11 hondartzetan umeentzako jolas-eremuak daude eta beste 16tan bizikletak aparkatzeko guneak daude. Dauden 7 laguntza-eremuek ekipamendu propioa dute: mahaiak, iturriak, paperontziak eta bankuak.

Bizkaiko hondartzetan ezarrita dagoen ingurumena eta kalitatea kudeatzeko sistema integratuari esker, gaur arte, La Arena, Arrietara-Atxabiribil, Plentzia, Bakio, Laida, Laga, Ogella, Karraspio, Isuntza, Arrigorri, Ereaga eta Arrigunaga hondartzek 9001 eta 14001 ISO ziurtagiriak lortu dituzte. Aurten, Bermeoko Aritzatxu hondartza, Gorlizko hondartza eta Mundakako Laidatxu hondartza kudeatzeko sistema integratu horretan sartu dira; beraz, aurtengo udan ziurtagiri berriak eskuratzea espero da.

Mantentze eta konpontze lanak

Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailak 2,31 milioi euro inbertitu ditu aurten gure kostaldeko hondartzak garbitzeko eta mantentze eta konpontze lanak egiteko. Garbiketa lanak urte osoan zehar egiten dira, baina udan lan horiek indartu egiten dira. Hareatza gehienak egunero garbitzen dira. 91 pertsona aritzen dira udan garbiketa zerbitzuan, ordutegi ezberdinetan, ekipo mekaniko sofistikatu batekin. Ekipo horrek hondartzak garbitzeko makinak, kamioiak, traktoreak, ripper-ak, zisterna-kamioiak, ekortzeko makinak, harriak kentzeko makinak… ditu.

Hondartzetako hondakinak bereizita jasotzea eta birziklatzea errazteko, hainbat koloretako ohiko paperontziak ipini dira, baita mareek ekartzen dituzten hondakinak jasotzeko edukiontziak ere. Ildo horretan, foru erakundeak dei egin die hondartzetako erabiltzaileei hareatzetan ere zaborrak sailkatuta botatzeko. Paperontziak eta edukiontziak beti eskura eta erraz ikusteko moduan egongo dira, modu egokian erabil ditzagun. Erabiltzaileak hondartzak eta inguruak garbi mantentzeari buruz sentsibilizatuko dituen ingurumen-politika sustatzeko, udan kono itxurako 10.000 hautsontzi banatuko dira hondartzetan. 2009an 3.625 tona hondakin jaso ziren guztira; 2008an baino %14 gutxiago. Kopuru horretatik, %76 mareek ekarri zuten, eta %24, erabiltzaileek utzi zuten.

Salbamendu eta Sorospen Zerbitzua

Salbamendu zerbitzuaren enpresa adjudikazioduna, hots, Gurutze Gorria, zerbitzuarekin loturiko alderdi guztiak kudeatzeaz arduratzen da: langileak kontratatzen ditu, erreskaterako materialaz arduratzen da, eta abar. "Hondartzetako erabiltzaileek oso balorazio positiboa egiten dute sorosleen lanaren inguruan eta haien ustez hondartzetan segurtasun maila altua dago", foru arduradunen arabera. Enpresa horrek 2010eko ekainaren 1etik irailaren 30era arte emango du zerbitzua, 11:00etatik 20:00etara, etenik gabe.

Salbamendu eta sorospenerako giza taldea uretako 152 sorosle tituludunek osatuko dute. Egunero, guztira, 88 sorosle arituko dira lanean, honela banatuta: 7, La Arenan; 2, Zierbanan; 2, Areetan; 5, Ereagan; 3, Arrigunagan; 3, Gorrondatxen; 4, Barinatxen; 7, Arrietara-Atxabiribilen; 2, Barrikan; 2, Muriolan; 4, Plentzian; 6, Gorlizen; 2, Armintzan; 7, Bakion; 2 Aritzatxun; 2, Laidatxun; 3, San Antonion; 2, Toñan; 6, Laidan; 4, Lagan; 2, Ean; 2, Ogellan; 3, Isuntzan; 4, Karraspion, eta 2, Arrigorrin.

Erreskaterako materialari dagokionez, aldatu egiten da hondartzaren ezaugarrien arabera. Honako hauek nabarmendu behar dira:

- Lantalde medikoa (botikin fakultatiboak eta desfibriladoreak behar bezala erabiltzen direla zaintzen du).
- 3 salbamendu-ontzi (Ereaga, Plentzia, Karraspio-Isuntza).
- Uretako 4 motor, Arrietara, La Arena, Bakio, Laida eta Ereagan.
- Erreskateko 5 quad, La Arena, Arrietara-Atxabiribil, Plentzia-Gorliz eta Bakio eta Laida-Laga hondartzetan.
- Zaintzako 13 dorre, prismatikoekin, La Arena (2), Ereaga, Arrigunaga, Atxabiribil, Plentzia, Gorliz (2), Bakio (2), San Antonio, Laida eta Laga hondartzetan.
- 26 desfibriladore erdiautomatikoak, Bizkaiko hondartza ezberdinetan.
- Toleste bikoitzeko 28 ohatil, itsas salbamenduko ekipoak, Gurutze Gorriko taldeek euren kabuz konpondu ezin dituzten larrialdietarako.
- “Ume galduak” izeneko eskumuturrekoak, hondartzetan galtzen diren zortzi urtetik beherako umeak identifikatu ahal izateko. Hondartza guztietan egongo dira halakoak.

Zaintza eta segurtasun handiagoak

Salbamendu eta Sorospen Zerbitzua eskaintzeaz gain, ia 588.000 euro gehiago inbertitzen ditu Bizkaiko Foru Aldundiak hondartzetako zaintzan eta segurtasunean, 74 hondartzainekin. Dagokion udalak ezarritako ordutegia izaten dute. Hondartzainek 10:00etatik 20:00etara zainduko dituzte hondartzak, baina 11:00etatik 19:00etara hondartzain gehiago egongo dira. Zaintza lan hori egiteko langileak udalek kontratatzen dituzte, baita hautatu ere. Ingurumen Sailak 7.947 euro emango du hondartzain bakoitzeko.

Irisgarritasuna

Ingurumen Sailak jarduteko plan bat egin zuen 2005ean, indarrean dagoen legerian, eta bereziki Eusko Legebiltzarraren Irisgarritasuna Sustatzeko 1997ko Legean, ezarritako irisgarritasunaren arloko estandarrak pixkanaka Bizkaiko hondartzetan sartzeko. Plana gauzatzeko, foru erakundeak, aldez aurretik, irisgarritasuna aztertu zuen, zituzten baldintza fisiko eta orografikoak tarteko, erreformak egiteko eta, ondorioz, jende guztiak erabiltzea bermatzeko modukoak ziren 18 hondartzetan. Txostenaren arabera, ziurtagiriak zituzten hondartzak irisgarritasun zuzenetik gertuen zeudenez, lehenengo jarduerak La Arena, Arrietara-Atxabiribil, Laida, Isuntza eta Karraspion egin ziren. Eta 2009an irisgarritasuna hobetzeko lanak egin ziren Areeta, Ereaga eta Arrigunaga hondartzetan.

Aurten, Ispasterreko Ogella hondartzara iristeko bidea egonkortzeko lanak egiten ari dira. Eta izapidetze prozesuan daude lan hauek: Karraspio hondartzan (Mendexa) irisgarritasuna hobetzeko eskudelak jartzeko lanak, eta Ean hondartzako zerbitzuak berritzeko lanak.

Azpiegitura berriak

Ingurumen Sailak antzeko aurrekontuarekin eta hondartzetatik hurbil dauden azpiegiturak apurka-apurka hobetzeko planteamenduarekin eusten dio azpiegitura lanen arloko politikari. Honako hauek dira amaituta dauden obrak:

- Arrigunaga eta La Arena hondartzetako zerbitzu-eraikinetan egindako konponketak.
- Arrietara-Atxabiribil eta Gorliz hondartzetako dutxen oinarrietarako metalezko egitura berriak eraikitzeko lanak.
- Arrigunaga hondartzara joateko oinezkoentzako bidea konpontzeko lanak.

Irudi berria

Aldundiak berritu egin ditu hondartzetako altzariak, sorosleen eta hondartzainen ekipamenduak eta sorosleen etxetxoak. Erakunde-irudiaren berritze hutsetik haratago, etxetxoak funtzionalagoak dira eta salbamendu eta sorospen taldeen eginkizunak erosotasun handiagoz egiteko aukera ematen dute. Hartutako irudia Bizkaiko Foru Aldundiaren kudeaketaren ikurra den haritz-orrian oinarritzen da, diseinu moderno batekin. Eta "Bizkaia Bizia - Bizkaia llena de vida" eslogana gehitu zaio. Moduluok Barrikan, Muriolan, Areetan, Gorrondatzen, Armintzan, Laidatxun, Lagan, Laidan, Ogellan, Isuntzan eta Karraspion jarri dituzte. Aldundiak ingurumenaren arloko kontzientziazioa indartu eta, eta, horrez gainera, hondartzetako erabiltzaileei gogorarazi die banatutako konoetan zigarrokinak edo beste hondakin txikiak utzita asko egiten dela ingurumenaren alde. Aurten, kono itxurako 10.000 kono banatuko dira.

Kudeatzeko sistema integratua

Ingurumeneko Foru Sailak hondartzak kudeatzeko sistema integratu bat du, herritarrei ingurumena errespetatzen duen kalitatezko zerbitzu bat eskaintzen diela ziurtatzen duena. Izan ere, Kalitateko ISO-9001 eta Ingurumeneko ISO-14001 ziurtagiriak lortu ditu Isuntza, Ogella, Arrietara-Atxabiribil, La Arena, Bakio, Laida, Laga, Karraspio, Plentzia, Arrigorri, Arrigunaga eta Ereaga hondartzetan eta, gainera, Bakioko hondartzak Europako EMAS Ingurumen Ziurtagiria ere badu.

Kudeatzeko sistema integratuaren bidez, hondartzei eragiten dieten kalitate eta ingurumeneko baldintzak etengabe hobetu nahi dira, jarraipen berezia eginez alderdi hauetan:

- Hondartzetako eta inguruetako garbiketa zerbitzuak sustatzea.
- Hondartzain kopurua handitzeko ekonomi baliabideak izatea.
- Instalazioak eta ekipamenduan zaintzeko lanak egitea.
- Sorospen eta prebentzio zerbitzuak hobetzea.
- Bizkaiko hondartzei eta ingurumenean duten balioari buruzko informazioa eta sentsibilizazioa hedatzeko programak garatzea, urtero milioika erabiltzailek bisitatzen dituzten aisialdirako gune horiek gozagarri eta erabilgarriago bihurtzeko.
- Erabiltzaileei eskainitako zerbitzuak areagotzea eta hobetzea, eta, horretarako, hondartzen eragina jasaten duten azpiegiturak berritzea, zerbitzu-eraikin berriak prestatzea, sarbide eta aparkalekuetarako azpiegitura berriak egitea premiarik handiena duten hondartzetan, oztopo fisikoak ezabatzea…

Aurtengo hondartzen kanpainarako, Ingurumena eta Kalitatea Kudeatzeko Sistema ezarri da Laidatxu, Aritzatxu eta Gorliz hondartzetan. Beraz, aurtengo udan, espero dugu 15 hondartzek UNE EN ISO-14001 eta UNE EN ISO-9001 ziurtagiriak lortzea, ingurumenekoa eta kalitateari buruzkoa, hurrenez hurren.

Kosta System

Kosta System sistema teknologia berritzailea da, Euskal Autonomia Erkidegoan lurraldearen kudeaketa iraunkor baten esparruaren barruan. Sistemak bideokameren bidez lortutako irudiak erabiltzen ditu kostaldea kudeatzeko erreminta erabilgarri gisa. Ingurumen Sailak, Azti-Tecnaliaren laguntzarekin batera, haren aldeko apustua egin zuen pasa den denboraldian. Proiektuak 90.480 euroko kostua ekarri zion foru erakundeari, eta 2009ko aurrekontu-ekitaldiaren kargura ordaindu zen. Azti-Tecnaliak bost kamerak osatutako sistema instalatu du, eta, hauek ere ardurapean ditu: sistemaren mantentzea, hondartzak kudeatzeko erreminten garapena eta hareatzaren bilakaeraren azterketa.

Sistemak oraindik ez dauka urte-ziklo oso baten daturik, benetako monitoretza iazko irailean hasi baitzen. Beraz, ezin da ondorio garrantzizkorik eskaini ekosisteman gertatutako natura-aldaketei buruz. Aurtengo udan, Kosta System sistema egiaztatu egingo da hondartzen denboraldiaren jarraipenaren eta kontrolaren arloetan, zehazki, inguruaren baldintzen arabera (meteorologia, itsasaldiak, korronteak…) erabiltzaileen bertaratzea eta espazio-banaketa zelakoak diren aztertuko da.

Datu errealen kuantifikazioari esker, eredu informatikoen parametrizazioa zuzen balioztatu ahal izango da, eta horrek aukera emango digu erreminta hau helburu prediktiboetarako erabiltzeko. Izan ere, sorosleen eskura egongo da denbora guztian, Interneten bitartez.

AZTIrekin esperientzia pilotu honen emaitzak aztertu ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiaren asmoa da zerbitzua apurka-apurka lurraldeko beste hondartza batzuetara zabaltzea. Hain zuzen, datorren urterako, La Arena hondartzaren egokitasuna aztertzen ari gara, batetik, Ezkerraldeko hondartza izanda bisitari gehien dituen hondartza baita eta, bestetik, hondartzaren aurrean egiten ari den dragatze eztabaidatuaren testuinguruan, datozen urteetan hareatzaren bilakaerari buruzko jarraipen zientifikoa egitea oso interesgarria izan baitaiteke.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun