Uribe Kosta eskualdean, trenen ordutegiak eta maiztasuna handitzeko beharrezko neurriak har ditzaten eskatu die
Bizkaiko Garraio Partzuergoari zein
Metro Bilbao garraio konpainiari Ezker Batuak. Horretarako, arauz besteko proposamena aurkeztu du Batzar Nagusietan Jose Ferreira bozeramaile federalistak. EBkoak azaldu duenez, "behin Urdulizko ospitalea zabalduta, asko izango dira medikuen kontsultetara doazen herritarrak eta, hortaz, erabiltzaileen kopurua areagotu egingo da. Gauzak horrela, beharrizan berrietara egokitu beharko dute metro zerbitzua".
Sopelako Udalak ere
maiatzaren 27ko osoko bilkuran onartu zuen horren pareko proposamen bat. "Alderdi politiko guztien babesaz", Ferreiraren arabera.
Sopela.net agerkari digitalaren arabera, baina, gainontzeko taldeek alde bozkatu zuten bitartean, "EAJ abstenitu egin zen eskaera hori aurretik ere eginda zegoela argudiatuta". Ezker abertzaleak gogoratu zuenez, hirugarren aldia da eskatzen dutela. Argazkia: © Metro Bilbao.