Guardia Zibilaren arabera, dokumentuan dauden datuak operazioa garatu baino lehen egindako "aurreko estimatzeak" dira. Dokumentuaren egileak eskema bat egin omen zuen prestatze bileretan emandako datuekin. Dokumentuaren jatorriari buruz, Enparantzaren emazteak emandako azalpena "sinesgaitza" dela dio Guardia Zibilak. Haien bertsioaren arabera, dokumentu hori beste paper batzuekin batera agente batek Enparantzaren etxearen miaketara eraman zuen karpeta batean zegoen. Diotenez, "karpeta hori altzari baten gainean utzi zuen une batez eta ondoren batu egin zuen". Guardia Zibilaren arabera, "dokumentu hori karpeta barrutik lapurtu egin zuten miaketa egiten ari zirela".
Torturak
Polizia operazio hartan atxilotu zituzten hamar lagunetatik seik tortura eta tratu txarrak salatu zituzten. Izan ere, txosten horretan aipatzen da hiru abokatuei eta Erramun Landari "tratu bikaina" eman behar zitzaiela; eta gainontzekoei "adierazpenen bat lortzeko trataera eman, akusazio judizialak berreste aldera". Joxe Domingo Aizpuruak salaketa jarrita dauka Donostiako Auzitegian eta Jose Luis Gallastegik ere bai Bilbokoan. Juan Maria Jauregiren abokatuek gaur jarriko dute, eta Naia Zuriarrain zein Saioa Arregi ere jartzekotan dira. Iturri juridikoen arabera, salaketa horietan jasota dago Guardia Zibilaren barne txosten hori. Bitartean, txosten horren atzean "tortura erabiltzeko erabaki politikoa" dagoela salatu du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM). "Txostenak argi erakusten du tortura planifikaturiko jarduera dela. Txostenaren zati batzuetan egiten diren aipamenek argi erakusten dute txosten horretan, zeharka bada ere, tortura erabiltzeko agindua dagoela", errepresioaren kontrako erakundeak gaineratu duenez.
Guardia Zibilaren txostenaren harira Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren balorazioa:
Txosten horren atzean tortura erabiltzeko erabaki politikoa dago. Txostenak argi erakusten du tortura planifikaturiko jarduera dela. Txostenaren zati batzuetan egiten diren aipamenek argi erakusten dute txosten horretan, zeharka bada ere, tortura erabiltzeko agindua dagoela:
- Poliziaren galdeketan erabat legez kanpokoak dira. Edozein deklarazio polizial egiteko garaian ofizioko abokatuak egon behar du derrigor.
- Tratuaren inguruan ezberdintasunak planteatzen dira. Alde batetik atxilotuen arteko ezberdintasunak zehazten dira, eta bestetik atxiloketa aldiaren une ezberdinetan eman beharreko ezberdintasunak. Tratu txarrak aipatzen ez badira ere, ulertezina da zergatik planteatzen den atxilotuetako batzuk izan beharreko tratua zuzena izango dela, edo zergatik planteatzen den atxilotuek Madrilera bidean izan beharreko tratua zuzena izango dela.
- Galdeketak atxilotuen auto inkulpazioak bilatzera bideratuak egongo direla zehazten du. Atxilotuak eskubidea du bere erantzunak modu askean emateko, baita ez erantzuteko ere. Galdeketen helburuan atxilotuek beraien buruaren aurka eta besteen aurka deklaratzea da, eta horretarako badakigu zein diren Guardia Zibilak erabiltzen dituen metodoak.
- Txostena ez da beraien kabuz dabiltzan bi Guardia Zibilek idatzia. Bizkaiko eta Gipuzkoako komandantziek egindako bilkura batetik ateratako txostena da honakoa, eta honetan torturaren egiturazko izaera agerian jartzen du. Tortura erabaki politiko bat da, Barne Ministerioaren bulegoetan hartzen den erabakia. Erabaki honek aparatu errepresiboa guztiak jartzen ditu torturaren zerbitzura, kasu honetan Bizkaiko eta Gipuzkoako Guardia Zibilaren komandantziak.
Amnistiaren Aldeko Mugimendutik argi dugu torturaren errealitatearen froga argi bat dela honako txostena. Gogora ekarri nahi dugu txosten hau oinarri harturik burutu zen polizia operazioan tortura salaketa gogorrak izan zirela, tartean eraso sexualak.
Guardia Zibilak, Espainiako Polizia Nazionalak eta Ertzaintzak inkomunikazio aldian euskal herritarrek aurkako legez kanpoko tortura metodoak erabiltzen dituzte. Tortura helburu politikoekin erabiltzen da, deklarazio polizialak lortu eta gizartean beldurra hedatzeko besteak beste. Torturak izaera politikoa du, arduradun politikoak ditu eta errepresio politikoaren baitan zutabe garrantzitsua da.
Milaka izan dira azken urteotan torturatuak izan diren euskal herritarrak, baina erakunde, komunikabide eta alderdi politiko askoak honen aurrean erakutsi duten jarrera erabat tamalgarria izan da. Bada garaia errealitate gordin honen aurreko isiltasuna hautsi eta jarrera argia hartzeko. Torturaren errealitatea ukatzen jarraitzea ez da sinesgarria gaur egunean.
Amnistiaren Aldeko Mugimendutik Euskal Herriko eragile politiko, sindikal eta sozialei, eta abokatu elkargo ezberdinak txosten honen aurrean egiten duten irakurketa plazaratzeko gonbidapena egiten diegu.