
Asteazken honetarako, ekainak 2, drogei eta gizarte mugimenduei buruzko hitzaldia antolatu du Plaza Beltza kultur elkarteak. Solasaldiari arratsaldeko zortzietan emango diote hasiera, Larrabasterrako Akilino Arriola kaleko herri liburutegian. Jardunaldia espainolez izango dela adierazi dute antolatzaileek. Urteotan buruan izandako proiektua 2009ko azaroaren 6an egi bihurtu zuen Sopelako Plaza Beltza kultur elkarteak; herri liburutegia zabaltzea, alegia. Ordutik ona dozenaka bideo emanaldi, hitzaldi, eztabaida... egin dituzte bertan. Taldea ezagutzera emateko asmoz, 2006ko abenduaren 23an egin zuten lehendabiziko ekimena. Egun horretako bigarren eskuko liburu azokatxoaren bitartez, argi utzi zuten "kultura plazaratzeko" jaiotako taldea dela; ideiak zabaltzeko”, alegia. Dagoeneko bazeukaten buruan herri liburutegi bat sortzea, “irakurzaletasuna bultzatzea” baita Plaza Beltzaren kezketako bat. Bada, ametsa egi bihurtuta, gai politiko-sozialen inguruko liburu eta pelikulak topatzerik ere badago bertan. Argazkian, jende ugari batu zen azaroaren 6ko inaugurazioan.