Alkoholemia kontrolak egin ondoren, hiru pertsona atxilotu eta epailearen esku utzi zituen joan den asteburuan Getxoko Udaltzaingoak, bide segurtasunaren kontrako delitua leporatuta. Udal iturriek adierazi dutenez, "atxilotuetako batek baimendutako alkohol-tasa hirukoiztu zuen, larunbat goizaldeko lauetan, bere ibilgailuarekin gorri zeuden bi semaforo pasa ondoren". Bigarrena, igandean, 3:00etan atzeman zuten, hori ere "onartutako maila hirukoizteagatik". "Gainera, autoan zazpi pertsona zihoazen", aipatu dutenez. Beste akusatua, Getxoko 24 urteko mutila, larunbatean, 3:30ean harrapatu zuten, era arriskutsuan gidatzeaz akusatuta. Polizia iturriek azaldu dutenez, Itzubaltzeta / Romon kontrol prebentiboa egiten ari zirela, "auto bateko gidaria katxi batetik edaten zetorrela ikusi eta gelditzeko esan ondoren, abiadura handiz alde egin zuen". Areetako kaleetatik ihes egiten saiatu zen eta ostean, Asuako errepidetik Avanzadarantz jarraitu zuen ihesean. Azkenik, Sondikan, gidariak bihurgune itxi batean kontrola galdu, ezponda baten kontra jo eta errepideko eskuma aldean gelditu zen. Barruan zihoazen pertsonak atera ahal izateko leihatila apurtu behar izan zuten udaltzainek.