“Argi ikusi duguna da erdigune hau modernizatzeko eta biziberritzeko beharra dagoela. Duela 15 urte oinezkoentzako gune bihurtu zuten baina denboraren eraginez zahartu egin da, logikoa denez. Horregatik eraldatzea behar du dendak indartzeko”, jarraitu du alkateak. Hartara, argiztatze hobeagoa izango du, argi-puntu gehiagorekin, izaera propioa duten inguruak lortzeko, erakargarriagoak baina aldi berean seguruagoak direnak, "dendetako erakusleihoei protagonismoa ere emanez". Zoladura aldatu eta berria ipiniko dute, oinezkoentzako eta garaje eta dendetara sartzen diren ibilgailuentzako baldintza egokiak beteko dituena. Halaber, lurpeko edukiontziak ere ipiniko dira Zabalan eta Torrenen, horrela ingurua zabalagoa eta erosoagoa izateko.
Proiektuaren beste helburuetako bat, plazaren erdian dagoen espazio publikoa hobetzea da. “Jakin badakigu asko erabiltzen den lekua dela, bai kultura jarduerak egiteko bai herritarrak bertan egoteko, gurasoak eta beren seme-alabak bereziki. Horregatik, jolasgunea, 500 metro koadro inguruko jolasgunea izango da, eta aisiarako eremua handitu egingo ditugu. Plazako perimetro-berdeguneak mantendu egingo dira eta, gainera, altzari berriak ipiniko dira”, nabarmendu du tokiko agintariak.
Erakusketa
Proiektu horren zehetasun guztiak ezagutzeko, Algortako Torrene kaleko 3. zenbakian dagoen udal aretoan erakusketa zabalduko dute. Bertan, udalerrian egiteke dauden beste proiektu batzuk ere ikusi ahal izango dira: Neguriko Gernika parkea, Algortako Aldapa parkea, Getxo Antzoki berria, Romo Kultur Etxea eta BiscayTIK Zentro Teknologikoa, besteak beste. Erakusketa datorren ostegunetik, hilaren 3tik, ekainaren 13ra arte egongo da zabalik. Bere ordutegia ondokoa izango da: 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, astelehenetik ostiralera; 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 21:00etara, larunbatetan; eta 12:00etatik 14:00etara, igandetan.