Bestalde, 2005ean izan ziren TAOren aurkako protestetan, Sopelako Auzokide Elkarteak Garairen dimisioa eskatu zuenean, besteak beste honako argudioa erabili zuen: "udalerriko herri lan guztiak Josu Landaluze Udal honetako zinegotziren jabetza den Arlan enpresak burutzen ditu". Azken hiru urteotan Landaluzek bere ardura politikoetan baino ez ei du lan egiten.
Landaluze gogotsu azaldu da ardura berriarekin: "ilusio handia daukat eta Urko inguruko kirol zonaldea finkatu eta herriko Hiri Antolamendurako Plan Orokor berria ere martxan jartzeko gogoak ditut", esan dio "Deia"ri. Landaluzerekin batera, bera zerrendetan lagunduko duten taldea aukeratu dute. Lehenengo postuetan Leire Basauri eta Naiara Ibarzabal zinegotziak errepikatuko dute. Antza ez da hori izango Gonzalo Garcia Martin Ogasuneko arduradunaren kasua. Basauri eta Ibarzabalekin batera, Gontzal Hermosilla, Felix Gabarain, Emilio Ramos, Belen Urnieta, Jon Aiarza eta Susana Rodriguez ageriko dira zerrendan.
Dena den, Landaluzek argi utzi du datozenak ez direla garai onak izango: "egun dagoen galernarekin honetan zelan sartu naizen galdetzen diot nire buruari batzuetan". Bitartean, uste du egungo Udal Gobernuak aurkeztu zuen programaren "ia %100" beteko duela: "egiten ari garen lanaz harro senti gaitezke", bereziki haur eskolaz eta Kurtzio kultur etxeaz, bere ustez.