"Leioa Eginez" aldizkariaren aldeko kontzertua egingo dute ostiralean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko eka. 2a, 18:22

"Leioa Eginez" aldizkaria hobetzeko hautua egin dute aurten argitalpenaren sustatzaileek, bai kanpoaldeari, bai edukiari begira. Dagoeneko azken alean ikus daiteke azalaren zein izenaren diseinua, goiburua eta orri-oina, paperaren kalitatea... aldatzeaz gain, lau orrialde gehitu dizkiotela, "leioaztarrak gehiago eta hobeto informatzeko helburuarekin". Izan ere, euren ustez, errebista tresna garrantzitsua da, "ezker abertzaleak Leioari eskaintzen dizkion planteamendu eta alternatibak herritarrei helarazteko". Aldaketak eginda, hurrengo urratsa izango da aldizkaria leioaztar guztien etxeetara bidaltzea hiru hilabetero. Baina, horrek lana eta ahalegin ekonomiko handiagoa eskatzen du, "eta erantzun beharko diogu", aitortu dutenez. Horretarako, eskain dezaketen laguntza eta parte-hartzea ematea eskatu diete auzotarrei. Bide horretan, ostiral honetarako, ekainak 4, kontzertua antolatu dute Kurkudi herriko tabernan, aldizkarirako diru pixka bat lortzeko asmoz zein leioaztarren ekarpenak eta ideiak ezagutzeko. 21:30etik aurrera, Orkestra Marxista (Iruñea) eta Eigen System taldeek joko dute. Argazkian, Kurkudi herriko tabernan izango da kontzertua.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun