Maiatzaren 16an, eskualdeko ezker abertzaleko 200 bat kide elkartu ziren Sopelako udal pilotalekuan, "Uribe Kosta ere zutik!" adierazpena plazaratzeko asmoz. Bertan, azken hilabetetan garatu den eztabaidatik atera diren ondorioei babesa emateaz gain, ekimenarekin bat egitera deitu zituzten herritarrak. Bide horretan, igande honetarako, ekainak 6, egun osoko ekitaldia prestatu dute Itzubaltzeta / Romon. Horrenbestez, 13:00etan ekitaldi politikoa egingo dute Xake plazan, Ibaiondo kalearen ondoan. 15:00etatik aurrera, berriz, herri bazkaria izango da. Txartelak ohiko lekuetan daude salgai, 10 eurotan. Bitartean, bazkalostean (16:30) euskal kantak abestuko dituzte. Amaitzeko, 18:00etarako erromeria antolatu dute. "Uribe Kostan aldaketa politikoa erabat beharrezkoa da, gure herrietan pairatzen ari garen porlanaren erasoa gelditzeko, errepresioari mugak jartzeko, euskararen normalizazioa egi bihurtzeko, kultura parte hartzailea gure eguneroko bizi modua izan dadin, emakumeen eskubideak bermatzeko eta gazteriaren askatasun osoa bultzatzeko", ezker abertzaleko kideek maiatzaren 16ko ekitaldian adierazi zutenez. Argazkian, Uribe Kostako ezker abertzaleko kideak Sopelako frontoian.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!