Borrokan dira eskualdeko hamar preso

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko eka. 2a, 21:59

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) urtarrilean hasitako borrokaldiaren baitan, Frantziako eta Espainiako estatuetako hamalau espetxetako euskal presoak sartu dira protestan ekainean, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) jakinarazi duenez. Kartzela hauetan hasi dituzte protestak: Espainian, Puerto I, Puerto III, Ocaña I, Castello-Albocasser, Zuera, Herrera, Foncalent, Huelva, Logroño eta Algecirasen; eta Frantzian Toloune, Claivaux, Rennes eta Val de Reullen. Hain zuzen, horietako batzuetan dauzkate sakabanatuta Uribe Kostako hamar preso: Iñigo Gutierrez, Aitor Cotano, Aimar Hidalgo eta Gorga Garcia Sertutxa "Patas" algortarrak; Jagoba Terrones, Patxi Markes, Lexuri Gallastegi eta Ibai Aginaga berangoztarrak; Xabier de la Maza gorliztarra; eta Iñaki Bilbao urduliztarra. Espetxe politika salatzeko gose grebak, itxialdiak, plantoak, komunikazio grebak, kartzelako janariari uko egiteak eta beste hainbat protesta ekintza egingo dituzte, "euskal presoei ezartzen dizkieten bizi osoko zigorrak amaitzeko eskatzeko, gaixotasun larriak dituztenak kaleratzeko, sakabanaketa eta bakartze politikak bertan behera uzteko, eta senideen kontrako miaketak eta jazarpenak bukatzeko". Argazkian, euskal presoen aldeko aldarria eskualdean.

Urtarrilean euskal presoek denek batera hasi zituzten protestak, eta hilabetez hilabete txandakatuz doaz protestak. Ondoko espetxeetan daude ekainean protestan izango diren Uribe Kostako presoak:

- Puerto I (Cadiz, Espainia): Iñigo Gutierrez algortarra.
- Puerto III (Cadiz, Espainia): Aitor Cotano algortarra.
- Castello-Albocasser (Castello, Herrialde Katalanak): Jagoba Terrones eta Patxi Markes berangoztarrak.
- Zuera (Zaragoza, Espainia): Iñaki Bilbao urduliztarra.
- Herrera de la Mancha (Ciudad Real, Espainia): Aimar Hidalgo algortarra.
- Foncalent (Alacant, Herrialde Katalanak): Lexuri Gallastegi berangoztarra eta Xabier de la Maza gorliztarra.
- Huelva (Andaluzia, Espainia): Gorga Garcia Sertutxa "Patas" algortarra.
- Algeciras (Andaluzia, Espainia): Ibai Aginaga berangoztarra.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun