
Gorka Garcia Sertutxa "Patas"-en etxekoek gaur jakin dutenez, goizean atera dute euskal preso politiko algortarra Huelvako espetxetik Algeciraseko kartzelara eramateko. Biak ala biak Andaluzian daude. Hain zuzen ere, Garcia Sertutxa da
hilabete honetan borrokan diren eskualdeko hamar gatibuetako bat. "Oraindik ez dakigu noiz iritsiko den. Ibai Aginagaren kasuan, esate baterako, Jaenetik Algecirasera eramateko 12 egun egin zituen bidean", Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak
Etengabe bitakoraren bitartez zehaztu duenez. Algeciras Getxo udalerritik 1.106 kilometrotara dago, autoan joateko. Bestalde, presoen bisitetarako arau berriak jarri dituztela zabaldu du eskualdeko AAMk. Horretarako, Espetxe Zuzendaritzak senideei igorritako
gutuna (jpg) argitaratu dute Etengaben. Azkenik, astelehenean, hilak 7, egingo ditu 28 urte Orkatz Gallastegi Sodupe. Hortaz, postal, gutun edo zerbait bidaltzeko aukera ona dela adierazi du errepresioaren kontrako erakundeak. Gaztea Castelloko (Herrialde Katalanak) espetxean daukate, Berangotik 646 kilometrotara, autoz joateko. Argazkian, presoen aldeko aldarria Algortan.