Ekainaren 26an izango da Sopelako lasterketa nudista

"Patxi Ros Saria" Lasterketa Nudistaren 12. edizioa ekainaren 26an, larunbatarekin, egingo dute Barinatxe hondartzan, Sopela.net agerkari digitalak jakinarazi duenez. Hitzordua eguerdiko 12etan jarri dute. Euskal Naturista Elkarteak (ENE) antolatuta, aurtengo edizioa 5.000 metrokoa izango da helduentzat. Umeek ere parte hartu ahal izango dute. Horrela, nagusiekin batera aterako dira, baina ibilbide laburragoa egin beharko dute. Lasterketa honako sei kategoria hauetan banatuko da: gizonezkoak, emakumeak, beteranoak (40 urtetik gorakoak) eta umeak (14 urtetik beherakoak). Aldi berean, ENEko naturistentzat bi kategoria egongo dira: ginezkoak eta emakumeak (elkarteko kide izatea egiaztatzeko, txartel eguneratua erakutsi beharko da). Izena emateko epea hilaren 24ra arte zabalik egongo da. Horretarako, honako bide hauek erabil daitezke: carreranudista[abildua]ene-naturismo.org posta elektronikoa edo lasterketaren webgunearen bidez. Azkenik, parte-hartzaileek lasterketaren egunean bertan ere izena eman dezakete, goizeko 11:30ak arte, Barinatxe hondartzan. Lasterketan izena ematea eta parte hartzea doakoa dira. Argazkian, iazko lasterketaren irudi bat.

1999an, Patxi Ros, kirol eta naturismo zalea, bi zaletasun horiek batzen saiatu zen eta, ondorioz, Sopelako Lasterketa Naturista gauzatu zuen. Kirol-lehiaketa honek ez du parekorik Estatuan, eta ez bakarrik ibilbide berezia delako edo ezaugarri bitxiak dituelako, baizik eta partaide guztiak biluzik jardutera behartuta daudelako. 2003an, Euskal Naturista Elkartea (ENE), filosofia naturista eta kirola eta nudismoa bizi jarduera osasuntsu gisa sustatzeko helburuarekin, "Patxi Ros Saria" izenarekin ezagutaraztea erabaki zuen, lasterketa asmatu zuen eta borondate osoz aurreko lasterketetan sustapen hau antolatu eta sustatu zuen pertsonaren lana aitortzeko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun