Ostiral honetarako, ekainak 4, Begoña gazteluari buruzko jarduna antolatu du Gorrondatxe Kultur Elkarteak. Horrenbestez, arratsaldeko seietatik aurrera, galeriei buruzko erakusketa jarri eta azken txosten teknikoen berri emango dute, Algortako Telletxe plazan. Gaueko hamarretan, berriz, Iñaki Uriarte arkitektoak hitzaldia emango du, proiektatuko dituen irudiak lagunduta. Ekitaldia antolatzeko arrazoi nagusia azken txosten tekniko eta ofizialen berri ematea da, azaldu dutenez. Urte hasieran, Udalak galerien perimetroa hesitu eta berehala, Getxoko hainbat elkartek idazkia igorri zieten Bizkaiko Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako Kultura zuzendariei. Horien erantzunean Aldundiak Labein ingeniaritza enpresari eskatutako galerien egituraren egoerari buruzko txostena eta Aldundiko Kultura Saileko Ondare Arloan eginiko txostena aipatzen dira. Txostenak aztertu ondoren, Gorrondatxe Kultur Elkarteak horien edukiak zabaltzea erabaki du. Argazkian, Iñaki Uriarte arkitektoa Begoña gazteluko galeriei buruzko azalpenak ematen / © Getxosarea.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!