Guztira, zortzi izan dira aukeratuak, aurkeztutako 36 eskaeretatik. Hautaketa egiteko kontuan hartu dira prestakuntza eta enplegu programa arautzen duten oinarrien arabera lortutako puntuak, udal arduradunen arabera. Puntuazioa baremo sozio-ekonomikoan oinarritu da (langabezian egondako denbora, EINen modu jarraituan izena eman izana, etab.), lan-egoera ezegonkorrenean zeuden hautagaiak aukeratu ahal izateko. Tokiko erakundearen hitzetan, "ezbairik gabe, eskatzen ziren eskakizunak betetzen diren egiaztatu da". Honako hauek ziren eskakizunak: Urdulizko udalerrian erroldaturik egotea, gutxienez, 2007ko urtarrilaren 1etik; adinez nagusia izatea; eskaera aurkezteko epea (2009ko azaroa) bukatzean langabezian egotea; eta, azkenik, lan-egoera ezegonkorra edukitzea, xede horretarako ezarritako balorazioaren arabera.
Hautatutako lehenengo zortzi pertsonek, aurrerantzean, programaren fase biak beteko dituzte: lehenengoa, prestakuntza jasotzea izango da, euren enplegagarritasuna hobetzea ahalbidetuko diena. Bigarrena, berriz, Udalaren beraren lanak egitea izango da, sei hilabetez, gehienez ere. Hautatutakoen ezaugarriak direla-eta, laneko arriskuak prebenitzeko prestakuntza ikastaro bat diseinatu dute, etorkizunean lanean hasten direnean baliagarri izan dadin. Ikastaroa ekainaren 1ean ematen hasi zitzaien aukeratutako pertsonei. Ondoren, Udalari dagozkion lanak gauzatzen hasiko dira. Ekimen horren bitartez, kontratatutako pertsonek euren curriculuma hobetu eta laneko eskarmentua eskuratuko dute. "Finean, osagai soziala duen ekimena da, eta eragin zuzena du prestakuntza teorikoan nahiz praktikoan.", zehaztu dutenez.
Behar sozial bat
Udal agintarien hitzetan, "egungo egoera aintzat hartuta, beharrezkoa da Urdulizko herritarrek bizi duten egoera latza arindu dezaketen neurriak abiaraztea. Horretarako, gainera, beharrezkoa da etorkizunean lanean hasten direnean baliagarri izango zaizkien lanabesak eskaintzea". Horregatik, bada, tokiko erakundeak enplegu prestakuntzarako programa hau diseinatu zuen. "Programak udalerriko langabetuen ezaugarriak kontuan hartu ditu, eta, bereziki, krisiaren ondorioz egoera txarrenean daudenak hartu ditu aintzat", gaineratu dutenez. Gainera, 2010erako aurrekontuan, aurreko urtean erabili zuen partida bera (150.235 euro) jarri dute, urte honen bukaeran prestakuntza eta enplegu programa honen beste deialdi bat egiteko. "Horrek argi eta garbi erakusten du Juan Olea alkatea buru duen gobernu taldearen konpromisoa Urdulizko langabetuekiko", amaitu dutenez.