Imanol Landa Getxoko alkateak Algortako udal erakustareto berria aurkeztu du gaur. “Udalerriko hirigunetik gertu eta gune estrategikoan kokatuta dagoen lokala da, Torrene kalean dago, hain zuzen, eta berton arte erakusketak edo beste motatakoak hartzeko dauden ekipamenduak osatzeko sortu da”, adierazi du Landak. Esparru hori egiteko 487.500 euro inbertitu dira, 2009rako Estatuko Gobernuaren E Planaren kontura. Erakustaretoaren kudeaketa Getxoko Kultur Etxearen eskuetan egongo da. Urtean 9 edo 10 erakusketa hartzea aurreikusi dute Udalekoek, bakoitza hilabeteko bataz besteko iraupenarekin. Datozen hilabeteetarako prestatuta dauden lehen ekimenak “Bosteko 2010” pintura erakusketa ibiltaria; “Getxo eta itsasoa” Rafa Aspiunzaren argazki erakusketa –Itsas Astearekin batera egingo dena–; “Getxophoto” eta Komiki Aretoa-INAEM izango dira. Aretoaren ordutegia, astelehenetik ostiralera, 11:00etatik 13:00ak arte eta 17:00etatik 20:00ak arte izango da. Larunbatetan, 12:00etatik 14:00ak arte eta 18:00etatik 21:00ak arte zabalduko dute. Eta igandetan, 12:00etatik 14:00ak arte. Argazkian, erakustokiaren aurkezpena gaur goizean / ©
Getxoko Udala.