Maiatzaren 17an, eskualdeko osasun zentro berriko lehen harria jartzeko ekitaldian, Patxi Lopezi berari eskatu zion Juan Olea Urdulizko alkateak aipatu udalerriko trenbide-pasagunea lurpera zezala, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lehendakaria bertan zegoela aprobetxatuz. Lakuako exekutiboko buruak zehazki gai hori aipatu, baina zera erantzun zion Oleari: "bagabiltza bestelako arazoei irtenbideak bilatzen". Bi aste lehenago, hitzemandako hainbat proiektu "deuseztatzea edo hondatzea" egotzi zieten Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Garraio Partzuergoko PSE-EEren ordezkariei. Bizkaiko foru arduradunek adierazi zutenez, daukaten gehiengoa baliatuz, besteak beste, Urdulizen trenbidea lurperatzeko lanak egiteko diru partida kendu dute aurtengo aurrekontutik sozialistek. Pilar Ardanza Garraioa eta Hirigintza diputatuarekin batera agertu zen egun horretako prentsaurrekoan udal agintari urduliztarra. "Ospitalera heltzeko trenbidea lurperatzea aurreikusita zegoen. Zer gertatuko da orain larrialdi batera joandako anbulantziek Urdulizera heldu eta trenbide pasaguneko barrerak jaitsita aurkitzen badituzte?", tamaldu zuen Oleak. Bi aste beranduago, hilaren 17an, "Deia" egunkariari azaldu zionez, Eusko Jaurlaritzako Herri Lan eta Garraio Sailak trenbide azpitik jarri nahi omen du errepidea, pasonibela lurperatu beharrean. Baina, aukera horri "lardaskeria" deritzo Urdulizko alkateak.
"Ez dugu etsiko"
Bestalde, Ardanzak orain hilabete azaldu zuenez, trenbide-pasagunea lurperatzeaz gain, udalerriko inguru hori urbanizatzeko lanak egitea aurreikusten zuen 36 milioi eurotako proiektuak. Gainera, diru-kopuru horretatik, bai Aldundiak, bai Udalak, onartuta zeukaten ez ohiko gainkarga ekonomikoa bere gain hartzea, Bizkaiko Garraio Partzuergoari lanak finantzatzen lagundu ahal izateko. Bitartean, aukera bakarra trenbidea lurperatzea dela uste du Oleak. "Ez dutela etsiko" adierazi zuen atzo: "behar beste alditan hitz egingo dugu Jaurlaritzako ordezkariekin, proiektu hori behar-beharrezkoa delako herriarentzat".