Usadio zaharrari eutsiz, aurten ere Gorpuzti eguna hartuko du igande honetan, bihar, Algortako Portu Zaharrak. Aurrekoetan bezala, meza atari zabalean entzuteko aukera izango dute Etxetxu plazara bertaratutakoek, eguerdiko 12etatik aurrera. Horren ostean, 13:00etan, ohiko sardina jana egongo da bertan eta, sabela bete bitartean, Biotz Alai abesbatza algortarraren emanaldia entzun ahal izango dute guztiek. Arratsaldean, berriz, Los Barbis taldeak izango du jaialdiari amaiera emateko ardura. Arratsaldeko 7etatik aurrera eskainiko dute saioa. Baina, ohiko jarduerez gain, aurten ontzi klasikoen agerraldia antolatu dute hainbat auzokidek. Goizeko 10etan jarri dute hitzordua Portu Zaharreko uretan, handik inguruetatik txangoa emateko. Sardina janarekin bat egin ostean, kirol portura abiatuko dira, bertan oroigarria eta freskagarriren bat hartzeko. Argibide gehiagorako, 660 312 073 telefonora jo daiteke. Argazkian, 2008ko Gorpuzti eguna Algortako Portu Zaharrean / ©
Algortako Portu Zaharra.