Ezker abertzaleari bihar kaleak erabiltzea debekatu dio Getxoko alkateak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko eka. 5a, 18:21

Biharko Uribe Kostako ezker abertzaleak antolatutako "Zutik, Euskal Herria!" adierazpenaren aldeko bi ekitaldi politiko kalean burutzea debekatu egin du Imanol Landa Getxoko alkateak. Ezkerabertzalea.info webguneak espainolez zabaldu duenez, alkate jelkideak ez ditu ekitaldiak debekatu, baizik eta udalerriko plaza nagusietako batean egiteko baimena ukatu, Itzubaltzeta / Romo eta Areeta batzen diren Xake plaza zabalean, alegia. Auzokideek plaza hori azken boladan asko erabiltzen dutela izan da Landak emandako arrazoia. Horrela, baimena eman du aipatu ekimenak Romo ikastetxeko frontoian egiteko. Ezker abertzalearen iritziz, "Euskal Herrian, aldaketa politikoa lagundu nahi duen ezker abertzalearen apustu politikoak pairatzen duen jazartze eta isilarazte ildoari gehitzea baino ez du egin" Landak, "zuribide xelebreez baliatuta". Gertaera "larritzat" jo duten arren, "Getxoko EAJko elite kontserbadore eta espainiazaleak" duen ezker abertzaleko ekimena ezkutatzeko asmoa ez duela "kaletik ateraz" gauzatuko adierazi dute. Halere, ekimen guztiak Romo ikastetxeko frontoian burutuko dituzte. Argazkian, Uribe Kostako ezker abertzaleko 200 bat kidek deitu zuten biharko ekimena pasa den maiatzaren 16an, Sopelako frontoian.

Biharko egitaraua:

• 13:00etan, ekitaldi politikoa (Xake plazan zen eta Romo ikastetxeko frontoian egingo dute debekuaren ondorioz).
• 15:00etatik aurrera, herri bazkaria.Txartelak ohiko lekuetan daude salgai, 10 eurotan.
• 16:30ak aldera, bazkalostean, euskal kantak abestuko dituzte.
• 18:00etan erromeria.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun