Beti elkarri agirika zebiltzan mutiko bi elkarren ondoan jesarrita zeudela ikusi nuen. Gatazkak konpontzeko sekula ulertu ez dudan metodo ohikoa ikastetxe askotan. Bata txikia eta berritsua zen, bestea handia bezain motela. Errez igarri nion txikiari begia ubeldurik zuela. Ikasgelan gai sozial nagusia izango zen, umeek eskoletan berba aske egiteko dituzten minutu eskas horietan. Beraz, bertso eskola arrakastatsua izan zedin, gaia jorratu beharra zegoen. Ondorioz, tren elektrikoaren gaineko Txirritaren bertsoak ahaztu, eta orbanaren gainean itaundu nion ikasleari. Erreprimitutako berba guztiak, sintaxidun sentimenduak, ordenarik gabe isuri ziren ikasgelan.
Baina bere ondoko morroskoaren ahots ozenak estali zuen txikiaren hitz jarioa: "hori goizean izan da!", determinatu zuen.
Ordutik iragana aipatzean, garena azaltzen duen hori, gertakariak baino garrantzitsuagoak diren tendentziak ulertzeko ezinbesteko informazioaz gabiltzanean, mutiko bi ikusten ditut. Bata bere ubelduaren mina ahotik askatu guran. Eta bestea gertakariari, denboraren aitzakiapean, garrantzia kentzen.
Okerrena da euskaldunak, bere iraganaz hain gutxi dakien hizkuntza horretako gizakiak entzuten ditudanean "ez gaitezen historizismoan eror" esaten. Orduan, ikasteko gogorik ez duen ume txiki etsitu bat ikusten dut eta.
Fredi Paya bertsolari algortarrak atzo "Berria" egunkarian argitaratutako artikulua.