Antolatzaileen ongi etorriaren ondoren, bertaratutako lagunek hamaiketakoa egin zuten Biteri plazan, txalapartaren soinuak lagunduta. Euriak une batetik bestera denak sakabanatu behar zituela ematen zuen arren, azkenean eguraldiak ere bat egin zuen jaiarekin, eta han-hemenkako tantatxo batzuk kenduta, aparteko eragozpenik ez zen egon. Hamaiketakoaren ondoren Arrasateko historia eta txoko esanguratsuak ezagutzeko ibilbide gidatua hasi zen, Ana Isabel Ugalderen eskutik. Historialariak ahozabalik utzi zuen bat baino gehiago Arrasate eta Mondragoeren arteko diferentziak, herriko harresia eta garai bateko arkitektura eta hirigintza arauak gaitzat hartuta.
Ibilbidearen ostean, Manex Agurre eta Jokin Labaien bertsolari gazteek jarri zioten piperra goizari, eta jaso zuten txalo zaparrada ikusita, entzuleek gustura hartu zituztela esan daiteke. Gero entzuleak beraiek izan ziren protagonista, Portaloiko kanta taldeak eta Arrasateko trikitilariek kantuan eta dantzan jarri baitzituzten, hala Mintza Egunera joandakoak nola kalean zebiltzan herritarrak ere. Kalejiraren ondoren, 14:30ak aldera, mintzalagunak Udaletxeko plazako karpa erraldoian elkartu ziren elkarrekin bazkaltzeko.
Sorpresak
270 lagun batu ziren han guztira, eta, postrean, eguneko unerik hunkigarriena iritsi zen: urtero egiten den sari banaketarena, hain zuzen ere. "Sari horiekin, mintzapraktika egitasmoetan ibilbide nabarmena duten lagunen ahalegina eskertzen da. Eta bistan da asko direla ahalegin hori egiten dutenak", Topagunetik nabarmendu duetenez. Izan ere, aurten zazpi izan dira saritutakoak: Uribe Kostako Ana Telo, Bergarako Nerea Altzelai, Arrasateko Mari Karmen Agilar eta Espe Sainz, Ezkerraldeko Juanan Fernandez eta Mikel Ferrero eta duela 21 urte Ekuadorretik Donostiara etorritako Gladis Villalva kazetaria.
Guztiek ere hunkituta jaso zuten saria, eta eskerrak eman ondoren erromeriaren txanda izan zen. Seguruenik, horixe izan zen eguneko sorpresarik handiena askorentzat: izan ere, musikari senegaldarrek eta ganbiarrek osatzen duten Kataia taldeak izan zuen musika jartzeko lana: taldeak musikarien herriko musika egiten du, euskarazko letra jarrita, nahasketa bitxia sortuz. Hasierako ezustekoa gaindituta, asko izan ziren Kataiaren erritmoekin dantzara animatu ziren berbalagunak zein kaleko herritarrak, eta halaxe, kantuan eta dantzan joan zen arratsaldea, dezente luzatu zena. Bosgarrena ia-ia amaitu gabe oraindik, eta partaideetako asko galdezka hasi ziren jadanik, seigarrena non eta noiz izango den.