Ostirala izango da jaialdiko egunik garrantzitsuena. Egun horretan, zaletuek bi ekitaldiz gozatzeko aukera izango dute. 2004ko ekitaldi arrakastatsuaren ostean, berriro etorriko da Getxora Eric Sardinas dobroren (gitarra resofonikoa) maisu handia, blues estiloko gitarra jolerik bikainenetakoa. "Treta Me Right" (1999) eta "Devil's Train" ditu bere lehenengo bi lanak. Antolatzaileen arabera, "horietan bietan argi geratu zen bluesa lantzeko estilo berri harrigarri bezain indartsua: erreala, gordina eta biziki basatia". "Eric Sardinas & Big Motor" da bere azken lana. Bertan, orain arteko bideari ekiten dio, betiere, bluesaren inguruko aurreiritziak hautsi nahian, eta harago joan nahian, etorkizunean aukera anitzeko agertokia proposatuz. Kontzertu horretan, gainera, gonbidatu bat izango du: Raimundo Amador flamenko musikako gitarra jolerik aipagarrienetakoa, bere musika "bestelako estilo ugarirekin fusionatzeko gai dena, hala nola, rock musika edota bluesa".
Betty LaVette
Hurrengo egunean, larunbatean, jaialdiak Soul musikako ahotsik handienetako bati emango dio ongi etorria: Betty LaVette. 2008ko Grammy sarietan izendapena jaso zuen "The Scene of Crime" lanarengatik, eta 2004 eta 2008an, berriz, Blues Music Award delakoa eskuratu. Egun horretako proposamena osatzeko, Biotz Alai plazako kontzertua bukatzen denean, The Piper's taberna irlandarrak hartuko du lekukoa. Modu horretan, blues gauak jarraipena izango du, Blues de Luxe talde bilbotarraren eskutik.
Music Maker Foundation
Azkenik, jaialdiaren azken ekitaldia hilaren 20an izango da, igandean, proiektu bitxi baten eskutik: Music Maker Foundation. Ekimen honen helburua bikoitza da: "blues musikaren tradizioa eta benetakotasuna berreskuratzea" alde batetik, eta bluesmen beterano askorentzako "egoitza artistiko" bilakatzea, bestetik. "Ikuskizun honen bidez benetako blues kluben giroa bizi ahalko dugu", adierazi dute Getxo Kultur Etxekoek. Artista beteranoak igoko dira eszenario gainera, oinarri erritmiko bikain baten laguntzarekin. Blues Maker Foundation ekimenak izen handiko artistak bildu araziko ditu Getxon: Dr. Burt, Pat Cohen, Eddie Tigner, Beverly Watkins, Tommy Brown edota Lil' Joe, blues musika onenaren inguruan betiere.