Herrizaingo Sailak zabaldutakoaren aranera, joan den asteburuan, "diru tindatuaren" maula erabiliz Urdulizen egitekotan ziren iruzur kasu baten berri izan zuen Ertzaintzak. Bertan, auto bat salgai zuen gizonezko batekin harremanetan jarri ziren beste gizon bi. Ibilgailua erosteko aipatutako iruzurra erabiltzera zihoazen bi susmagarriak. Polizia iturriek azaldu dutenez, biktimei esaten zieten beren jatorrizko herrialdetik (kamerundarrak ziren) diru kopuru handiak ezkutuan atera behar izan zituztela eta mugako aireportuan dirua kendu ez ziezaioten, billeteak tindatu egin behar izan zituztela. Azkenik, tindatutako paper horiek legezko diru bilakatuko zituztela azaltzen zieten; likido berezi batzuek eragingo zuten prozesu kimiko bati esker tindatuta zeuden paper horiek legezko diru bilakatuko zituztela ziurtatzen zieten iruzurgileek.
Hainbat saiaketa
Atzo goizean, iruzurraren ustezko egileak autoaren saltzailearekin biltzekoak ziren Urdulizen. Hitzorduan, tindatutako billete horiek diru nola bilakatzen zituzten erakutsiko omen zioten. Biktima ez zen entzundakoaz fidatu eta Ertzaintzari eman zion guzti honen berri. Agenteak hitzordura joan ziren eta bertan atxilotu zituzten ustezko bi iruzurgileak. Maula mota hori egiteko hainbat produktu aurkitu zizkieten. Horrez gain, maiatzean Getxon jazotako beste maula baten egileak bi susmagarriak izan zirela baieztatu ahal izan zuten ertzainek. Kasu hartan, 7.000 euroko iruzurra egin zioten lokal bat eskualdatu nahi izan zuen Areetako saltzaile bati. Halaber, ikerketek argitu dute, atxiloketa hauei esker hirugarren maula bat galarazi duela Ertzaintzak. Getxon egitekotan ziren eta autoak konpontzeko enpresa bat salgai zuen enpresari bat izango zen biktima berria.