Selektibitatea "curriculum arrotzen inposizioa" dela salatu du IAk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko eka. 8a, 19:26

Urtero legez selektibitatea egin beharko dute milaka ikaslek. Ikasle Abertzaleak erakundearen ustez, "espainiar edukiak barneratuta izateko tresna bat besterik ez da". "Ikasle guztiok uztai berdinetik pasatu behar dugu, Euskal Herrian nahiz Murtzian", gaineratu dutenez. Horregatik, inposizio horren aurka borrokatzeko deitu ditu ikasleak. IAk salatu duenez, "curriculum arrotzen inspekzio zorrotza da selektibitatea: historia, kultura, hizkuntza… arrotzak ikasleok urteetako heziketa prozesuan txintxo txintxo eta zalantzetan jarri gabe barneratu ditugula bermatu nahi dute azterketa basati honen bitartez". Aurtengo aldaketen harira, selektibitatea "ikasleen arteko lehiakortasuna sustatzen duen hezkuntza sistema baten isla izaten" jarraitzen duela kritikatu dute. Horren guztiaren aurrean, euskal curriculuma aldarrikatu du IAk: "euskal herritar gisa jakintza eta gaitasunak lortu eta bizi, eta horretarako azterketa basatiak albo batera uztea aldarrikatzen dugu", adierazi dutenez. Argazkian, Bolognaren kontra martxoaren 12an Algortan egindako kontzentrazioa.

Ikasle Abertzaleak erakundeak zabaldutako oharra:

Bi urtez ikasi dugun guztia hiru egunetan zehar mahai bati lotuta eta izugarrizko presioarekin botaka egin beharko dugu, azken urte guztietan barneratu ditugun jakintza guztiak paper baten gainean islatu eta ezagutu ere egiten ez gaituen irakasle baten gain gure ebaluazioa utzi beharko dugu.

Baina zertarako selektibitatea? Unibertsitario izateko prestatuak gauden edo ez frogatzeko? Guk argi daukagu selektibitatea espainiar edukiak barneratu ditugula ziurtatzeko tresna bat besterik ez dela. Ikasle guztiok uztai berdinetik pasatu behar dugu, Euskal Herrian nahiz Murtzian.

Curriculum arrotzen inspekzio zorrotza da selektibitatea: historia, kultura, hizkuntza… arrotzak ikasleok urteetako heziketa prozesuan txintxo txintxo eta zalantzetan jarri gabe barneratu ditugula bermatu nahi dute azterketa basati honen bitartez.

Aurtengoan gainera, aldaketak eman badituzte ere, azterketa basati eta konpetitibo bat izaten jarraitzen du, kritikotasuna nola gaitasun pertsonalak bultzatu beharrean, elkarren arteko lehiakortasuna sustatzen duen hezkuntza sistema baten isla izaten jarraitzen du. Ezinbestean beraz, ikasleontzat injustua dena, gaitasunak baloratzetik urrun, dugun memorizatzeko gaitasuna izango da kontuan hartuko dena.

Horrela, ikasleak etiketatuak izango gara, nota bat ezarriko zaigu eta ikasketa batzuk egiteko ateak itxiko zaizkigu. Horrenbestez, inposizio bat dela ondorioztatzen dugu, curriculum arrotzen inposizio zuzena, alegia, eta ikasleon eskubideak sistematikoki urratzen dituen hezkuntza sistema baten isla argia.

Guk honen aurrean ordea, euskal curriculuma ikasi nahi dugu, euskal herritar gisa jakintza eta gaitasunak lortu eta bizi, eta horretarako azterketa basatiak albo batera uztea aldarrikatzen dugu. Hori dela eta, euskal curriculumaren alde eta inposizioen aurka borrokara lotzeko deialdia luzatzen diogu ikasleria guztiari.

Bestelako hezkuntza sistema bat posible delako, eta ikasle borrokaz lortuko dugulako!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun