Ikasle Abertzaleak (IA) erakundeak Herri Eskola eta Eskola Ibiltariaren aurkezpenak egingo ditu bi asteburu barru Itzubaltzeta / Romon eta Getxon. Ekainaren 18an, ostirala, Itzubaltzeta gaztetxean egingo dute Euskal Curriculumaren inguruko hitzaldia eta eztabaida; eta ondoren Eskola Ibiltariaren aurkezpena izango da. Hitzordua 18:00etan jarri dute. Hurrengo egunean, berriz, Aixerrotako IAk jaialdia antolatu du Txorimalo gaztetxean. "Geroa marraz dezagun" lemapean arratsalde osoko egitaraua prestatu egin dute. 17:00etan, txalaparta ikastaroa egingo dute. Ordu bete beranduago, 18:00etan, Euskal Curriculumari buruzko hitzaldia eta Eskola Ibiltariaren aurkezpena izango dira. Ondoren, 19:00ak aldera, kontzertua eskainiko dute Etsi Gabe, Never Surrender eta Auskalo Non taldeek. Leioako Betiko ikastolako IAk Itzubaltzetako ekitaldira joateko deia luzatu du. Algortako San Nikolas eta Sopelako Ander Deuna ikastoletako ikasle abertzaleek, berriz, Txorimalokoan parte hartuko dute. Argazkian, 2010eko martxoaren 27an Itzubaltzeta gaztetxean ospatu zuten jaialdia Uribe Kostako Ikasle Abertzaleek.