Sopelan gaztetxea izatea aldizkako gertaera izan da azken hamarkadan. Hor daude gazte eta ez hain gazteen burmuinean gutxienez Gaztetxe Zaharra, Eskola Gorriak, Igeltsera eta Ganebarri gaztetxeetako bizipenak eta desalojoen minak. 2009n zehar, Udalaren bitartez gazteentzako gune autogestionatu bat legez sortzeko hainbat proposamen, batzar eta proiektu bideratu ostean, urte bukaeran bide horrekin etsituta agertu zen Gazte Asanblada Sopeloztarra: "erantzunik eta irtenbiderik gabe, esku hutsik itzuli izan gara beti", azaldu zuen orduan gazte erakundeak.
Kontratu bidezko gune autogestionatua
Hori dela eta, eta saiakera antzu batzuen ostean, Lizarre auzoko Sekeko antzinako errota eta ondoko korta okupatu zituzten 2009ko abenduaren 19an, "gune sortzaile eta autogestionatua" bilakatzeko asmoz. Handik aurrera, "lan ta lan ibili gara teilatua, paretak, lurra eta abar luze bat konpontzen", gazteek gogoratu dutenez. Bidea errazteko lanak ere egin zituzten inguruan, errekako pareko baranda konpontzea kasu. Edozelan ere, Aratusteak ospatzeko astia ere topatu zuten nonbaiten, baita bisitan joan zaizkien auzokideei arreta egitekoa ere. Azkenik, erorita zegoen eraikineko legezko jabeekin lagunarteko konponbidea bilatzen saiatu ziren hasieratik eta pasa den apirilean saria izan zuen ahalegin horrek. Hiru urteko kontratua sinatu zuten orduan errotako ugazabekin eta ordutik hona "legalki" erabiltzen dute aipatu eraikina.