Atzo prentsaurrekoa eskaini zuen euskal gehiengo sindikalak, larunbat honetan, ekainak 12, izango den manifestazioan parte hartzearen garrantzia azpimarratuz. Hitzordua 17:30ean jarri dute, Bilboko Bihotz Sakratutik abiatuta, "Murrizketarik ez! Euskal langileok gure etorkizunaren jabe!" lemapean. ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuen hitzetan, Espainiar estatuak krisiaren aurrean jarri nahi dituen neurriei aurre egin behar zaie, "denak langileon kaltetan eta patronalaren mesedetan eginak" baitaude: "batetik sektore publikoa murriztu nahi dute merkatu pribatuaren mesedetan, eta beraz, merkatuaren jabe direnen mesedetan. Eta bestetik, langileon eskubide sozial eta laboralak murriztu nahi dituzte, langileriak eskubide gutxiago izateak patronalak botere gehiago eskuratzea suposatzen duela jakinik", azaldu zutenez. Bestalde, Espainia mailako sindikatuak izan zituen aipagai Adolfo Muñoz “Txiki” ELAko idazkari nagusiak: “UGT eta CCOO sindikatuak gobernuaren laguntzaile gisa ari dira jokatzen eta benetan penagarria da hauen jarrera. Elkarrizketa soziala aldarrikatzea une honetan lotsagarria da”, salatu zuen. Argazkian, Getxoko udaletxe aurrean egin zuten elkarretaratzea maiatzaren 25eko greba egunean eskualdeko funtzionarioek.