Alkateak aipatu duenez, "mendeurrena ospatzeko une aproposa da, errepikaezina den heinean, bidean gelditzeko eta atzera begiratzeko. Egindako ibilbideari errepasoa egiteaz gain, XX. mendearen hasieran sortzen ari zen gizarte berrian eliza gauzatzea posible egin zutenak, hala nola, ehun urte hauetan, gaur arte, komunitatearen zerbitzu-bokazioa bizirik mantendu duten erlijiosoak gogoratzeko balioko du”. Mendeurren hori ospatzeko, hainbat ekintza antolatu dituzte. Gaurtik uztailaren 16ra bitartean, Eusko Jaurlaritzak interesezko ondare izendatu duen Karmen elizaren mendeurrenari buruzko erakusketa izango da tokian bertan. Besteak beste, koadroak, argazkiak eta jatorrizko dokumentuak egongo dira ikusgai, eliza eraikitzen hasi zirenetik Iruñeko apezpikuak 1910ko apirilaren 10ean inauguratu zuen arteko bilakaera erakusteko asmoz. Mostra, astegunetan, 10:30etik 12:00etara eta 18:30etik 20:00etara bisitatu ahal izango da. Igandetan, berriz, 19:00etatik 20:00ak arte.
Liburua eta meza
Halaber, “El Carmen de Neguri: cien años para recordar” izeneko liburua argitaratu dute, Cesareo Miguelez parrokoak berak idatzia. Apaiza urte betez ibili da elizako artxibategian ikertzen, hala nola, erlijio-komunitateko hainbat laguntzaileekin datuak eta dokumentazioa biltzen. 1.500 ale kaleratu dituzte eta astelehenetik, hilaren 14tik aurrera, 8 eurotan egongo dira salgai elizako lokaletan. Ospakizun ekitaldiak uztailaren 16an, Karmengo Ama Birjinaren Egunean, bukatuko dira 12:00etan egingo den meza nagusiarekin. Bertan eliz eta udal agintariak eta Algortako Biotz Alai abesbatza egongo dira.