URAk Aldundiaren aipatu neurriak ez betetzeak “lanak hilabete batzuez atzeratzearen benetako arriskua dakar, eta hori auzotarren lasaitasunaren kalterako da; arrisku hori, oraintxe bertan, bakarrik konpon daiteke URAk Aldundiaren aurrean Gobelako zubietan eta ibaiertzetan, pertsonentzat uholdeen arriskua saihestu aldera, lanekin jarraitzeko beharra justifikatzen badu”, azpimarratu du Landak (mp3).
Getxoko alkateak esan duenez (mp3) "jakin badakigu aurreratutako lan hauek egitea oso zaila dela ikuspegi tekniko eta legaletik eta, hartara, gorabehera eta arazo zenbait sor litekeela, baina pazientziak ere baduela bere muga". Zentzu honetan, Landak gogoratu du, alkate gisara, aurreratutako lanak egin zitezen Udalari eskatutako konpromiso guztiak bete dituela. "Gogoratzea besterik ez dago Uholdeetako Batzorde Berezian egindako lan tekniko eta politiko nekeza. Horren emaitza izan zen Uraren proiektu nagusia Udalbatzan aho batez onartu izana, halaxe eskatu baitzigun erakunde horrek, eta horrekin batera, erakunde horren eskuetan utzi genituela lanak egiteko beharrezkoak ziren lursail publiko eta pribatuak, azken hauek desjabetu eta gero".
Pasa den maiatzaren 26an Ignacio Atxukarro Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzako eta Uren sailburuordearekin batzartu zen Imanol Landa, Gobela ibaiko lanak zirela eta. Zapore gazi-gozoz atera zen bilera horretatik Getxoko mandataria: "konfiantzarekin itxarongo dugu, Gobela ibaiaren proiektu orokorrari Eusko Jaurlaritzak ematen dion lehentasunaz zalantza guztiak argitu ez ditugun arren". Are gehiago, sailburuak "ez dagoela inolako arrazoirik proiektua moteltzeko, eta are gutxiago, gelditzeko" esan ziola errepikatu zuen Landak.