Aldundiaren arabera, 2008ko abenduan onartu zen Bizkaiko Legebiltzarretan arrain hiru-arantza kudeatzeko plana, talde ekologistak eta unibertsitateko adituak alde zituela. Plan horretan, hezeguneen lehortzea apirila eta abuztuaren artean ekiditea proposatzen da, arrainaren ugalketa aroa baita. Puntu hori, besteak beste Iñaki Urrizalki Ura agentziaren arduradunak sinatua, da hain zuzen ere betetzen ez dena eta bidea emango lukeena balizko delitu ekologikoa dela eta salaketa aurkezteko.
Aipatu egoera konpontzeko, Ura agentziak Gobelako proiektuari neurri zuzentzaile bi aurkeztu zituen, aukeran, 2009ko uztailean. Lehenengoa lanak ugalketa aroa baino lehen bukatzea zen, hots, aurtengo apirila baino lehen. Bigarrenak, berriz, arraina ibaitik ateratzea zekarren, beste gune seguru batera eramanez eta lanak amaitu ondoren atzera bueltan ekartzea. Biak ala biak jaso zuten Aldundiaren Nekazaritza Saileko teknikoen onarpena.
Espedientea mahai gainean dago
Baina, lanen exekuzioan beste atzerapen bat dela eta, lanak ez ziren 2009ko uztailean hasi, 2010eko otsailean baizik. Horrela arrain hiru-arantzaren ugalketa zikloaren erdian eragina izan zuten obrek beharrezkoak diren neurriak hartu gabe ekin baitzitzaien lanei. Neurri horiek "bete egin behar direla behin eta berriro nabarmendu" duela dio Aldundiak. Horrela aste batzuk Uraren erantzuna jaso gabe kale itsuan eman ondoren, gaur bertan mezulariz heldu da Ura agentziaren erantzuna. Aldundiaren teknikoek bidalitako dokumentazioa aztertzen dihardute, ea legalitatearekin bat datorren jakiteko. Horrela izango balitz lanek jarraitu ahal izango lukete, baina kontrako irizpidea hartzekotan, Aldundiak lanak gelditzea aginduko luke. Bizkaiko Foru Aldundiak egoera hori "atsekabez" hartu eta "Udala eta auzokideen kezka ulertu eta partekatzen" duela adierazi du.