Iñaki Gonzalo Casal “Kitxu” Itzubaltzeta / Romoko euskal preso politikoa Dueñaseko (Palentzia, Espainia) espetxetik atera eta Valladolidera eraman zuten joan zen asteburuan, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Etengabe bitakoraren bitartez jakinarazi duenez. "Oraindik ez dute zehaztu bertan geldituko den edo beste espetxe batera joateko bidean dagoen", azaldu dutenez. Irantzu Gallastegi Sodupe preso berangoztarrari, berriz, destinoa aldatu eta Almeriara (Andaluzia, Espainia) eramango dutela esan diote. "Azken asteburuan etxekoei deitu zien esanez Curtisera -Galizia aldean- ez joateko bisita egitera, edozein momentuan eramango zutelako", adierazi du errepresioaren kontrako erakundeak. Berangoko emakumearen bikotekide Xabier Garcia Gaztelu "Txapote", bere aldetik, Madrilera eraman dute epaitzeko. Azkenik, Iñigo Gutierrez Carrillo algortarra eta Arkaitz Goikoetxea Basabe getxoztarra ere kartzelaz aldatu dituzte azken egunotan. Lehenengoa Puerto Ietik (Cadiz, Espainia) Valdemorora eta bigarrena Villenatik (Alacant, Herrialde Katalanak) Aranjuezera eraman dituzte, diligentzietarako. Aldatu dituzten espetxe biak Madrilen daude. Argazkian, eskualdeko preso politikoen irudiak igandean Itzubaltzetan egindako ekitaldian.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!