Gotzon Alcalde euskal preso politiko algortarra eta haren bikotekide Leire Etxebarria zaratamoarra epaitu dituzte gaur Parisen, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak
Etengabe bitakoraren bitartez jakinarazi duenez. Fiskalak zazpi urteko espetxe zigorra galdegin du bi euskal herritarrentzat. Asteartean emango du epaileak erabakia. Alcalde eta Etxebarria 2007an ere epaitu zituzten, legez kanpoko erakunde baten partaide izatea egotzita; baita sei urtera zigortu ere. Hori dela eta, "defentsak zigor-konfusioa eman daitekeela aldarrikatu du, baina fiskala aurka agertu da. Hori onartuko balute sei urteko zigorrarekin geldituko lirateke. Fiskalak sei haiez gain, beste zazpi urteko zigorra eskatu du. Gaineratu du, epaileak zigor-konfusioa onartuz gero, zigor osoa zortzi urtekoa izatea eskatzen duela", errepresioaren kontrako erakundeak azaldu duenez. Alcalde eta Etxebarria euren haur txikiarekin atxilotu zituzten Auvernen (Frantzia), 2006ko otsailaren 13an. Orain biak Fleury Merogis espetxean daude. Argazkian, Gotzon Alcalderen irudia ezkerrean.