Fermin Martinez, Zuriñe Gojenola eta Artzain Santesteban gazte independentistak atxilotu egin ditu gaur Italiako Poliziak Erroman. Espainiako Poliziak azaroan gazte independentisten aurka egindako operaziotik ihes egindako hiru lagunek hedabideen aurrean agerraldia egitekoak ziren Erroman 13:00etan, Legebiltzarraren aurrean, euren egoera azaltzeko eta gatazkaren irtenbide politikoa aldarrikatzeko,
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak baieztatu duenez. Hara bidean zirela atzeman ditu Poliziak. Hain zuzen, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburua Erroman dago gaur, eta Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroarekin bildu da 13:00etan. Bitartean, Ion Telleria (Idiazabal, 28 urte) libre utzi du gaur Paueko (Okzitania, Frantzia) epaileak, baina astearterako hitzordua jarri dio, euroagindu saioa egiteko. Fernando Grande Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak hura Espainiaratzeko eskaera egina du, Segiko kidea dela egotzita.
Telleria atzo atxilotu zuen, Lapurdin, Frantziako Poliziak. Azken hilabeteotan bizi da Urruñan, eta "bizitza publikoa" egiten du, AAMk dioenez.
Info7 irratiko kazetaria da. Argazkian, maiatzaren 21ean Algortan egindako antzerki-parodia.