Alkateak adierazi duenez, "egitasmo honen helburu nagusia tokiko saltoki txikiak eta kontsumitzaileak laguntzea da, ekoizpen eta kontsumo-eredu arduratsu eta iraunkorragoak lortzeko asmoarekin. Hau da, Getxoko herritarrek udalerriko saltokietan erosteko ohitura hartzea eta bertako denda txikiek, beren lehiakortasuna hobetzen laguntzeaz gain, hiriko merkataritzaren jarduerarekin lotutako berotegi-efektuen gas-isuriak egiazta daitekeen eran murriztea nahi dugu ere”. Udalerriko edozein saltokik bat egin dezake egitasmoarekin. Bitartean, CECOBIko presidenteak nabarmendu duenez, "Getxorekin batera Balmasedan eta Santurtzin ere garatuko den proiektuaren lehen fase honetan, bai salerosleek bai kontsumitzaileek ingurumenarekin eta energi aurrezpenarekin bat egin dezaten nahi dugu, hainbat ekintza bultzatuz. Hala nola, argiztapena hobetzea, kudeaketaren baliabideak optimizatzea, edo, bezeroen kasuan, joan-etorrietan autorik ez erabiltzea”.
Beste ekimen batzuk
Bertoko herritarrek erosketak udalerri barruan egitera bultzatzeko egindako apustu horrekin batera, beste ekimen batzuk ere badira: langileak kontratatzeko laguntza bereziak, denden inguruak berritu eta biziberritzeko lanak, udalerrira bisitariak ekartzeko ekintzak, saltoki eta enpresei Getxolanek eskaintzen dien aholkularitza eta laguntza; edo azken urteetan presio fiskala murriztea. Azken batean, “Merkataritza berdea" proiektuak herriko "merkataritza lagunduko du". Izan ere, “sektore garrantzitsuenetakoa da, udal Barne Produktu Gordinari egiten dion ekarpenagatik eta duen enplegu-maila handiagatik, hortaz, laguntza eman behar zaio estrategiak eta ekimenak finkatzerako orduan”, gaineratu du Landak.