Anton Fernandez erandioztarra eta haren senideentzat zein Francoren erregimenaren biktima guztientzat "egia, justizia eta ordaina" eskatzeko asmoz, ostiral honetarako, ekainak 11, Erandioko metro geltokiko zabalgunean deitu du elkarretaratzea
Ahaztuak 1936-1977 elkarteak. Hitzordua 20:00etan jarri dute. Kutsaduraren kontrako manifestazioen harira, 1969ko urriaren 28ko gauean, Erandioko auzokideak protestan atera ziren. Polizia armatuak tiroka agertu ziren eta Anton Fernandez buruan zauritu zuten, leihotik begira zegoela. Hurrengo eguneko mobilizazioan Josu Murueta gaztea tiroz hil zuten. Fernandez Basurtuko ospitalean hil zen, 15 egunez koman izan ostean. "Erregimen diktatorialak ez zion inolako eskubiderik aitortu. Bada, 40 urte igaro direnean, erregimen demokratikoak horiek ukatzen jarraitzen du", Ahaztuak elkarteak salatu duenez. Argazkian, Fernandez eta Muruetaren senideak
2009ko urriaren 31n egin zieten omenaldian / © Ahaztuak 1936-1977.