Orain dela zazpi urte Espainiako Auzitegi Nazionalak Udalbiltzaren kontra jo zuen, eta zazpi urte pasa ondoren uztailaren 15ean hasiera emango diote epaiketari. Hori dela eta, ostiral honetan, ekainak 11, auzipetuei elkartasuna adierazteko eta Udalbiltzaren zilegitasuna aldarrikatzeko sortzen ari den Getxo udalerriko Bai Udalbiltzari Babes Taldearen aurkezpen publikoa egingo dute Algortan, Getxosarea bertako komunikabideak zabaldu duenez.. Ekimena arratsaldeko 7etan izango da, Villamonte kaleko kultur etxean. Larunbatean, berriz, elkarretaratze isila egingo dute, 12:00etan, Telletxe plazan. Argazkian, apirilaren 30ean 40 lagun elkartu ziren Algortako Telletxe plazan, Udalbiltzaren aurkako auzia abiatu zenetik zazpigarren urtemuga bete zela gogoratzeko.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!