Osakidetzak ekainaren 19tik aurrera indarrean jarriko duen neurriaren kontra agertu zen Leioako Udalbatza, maiatzean egindako osoko bilkuran, tokiko iturriek atzo jakinarazi zutenez. Eusko Jaurlaritzako Osasun arduradunek larunbat goizetan zabaltzen duten osasun etxeen erdia aipatu egunetan itxi egingo dituzte, tartean Leioa, Astrabudua, Erandio eta Sopelako anbulatorioak daudela. Gobernu Taldeak (EAJ eta Ezker Batua) aurkeztutako mozioa babestu zuen PPk; PSE-EEk, ordea, ez. Tokiko agintarien ustez, hartu nahi duten neurriarekin "osasun laguntzak txarrerantz egingo du". "Neurri honek herritarrak baino ez ditu kaltetuko. Aldaketa honekin atentzioa behar duten lagunak beste udalerri bateko osasun zentro batera joan beharko dira edota ospitaleko urgentzietara, saturazioa eraginez", salatu dutenez. Euren iritziz, “Osakidetzaren gastuen austeritateak eta krisi ekonomikoak ez du zertan eragin negatiborik izan behar herritarren osasun zerbitzuetan”. Orain gutxi, larrialdietarako zerbitzuak bere horretan mantentzea
eskatu zuten Barrika, Gorliz, Lemoiz eta Plentziako alkateek. Argazkian, Julian Perez Gil Osakidetzako zuzendari nagusia.