Denetara 15 bertsolarik parte hartu dute Uribe Kostako txapelketan eta hiru kanporaketa saio egin dituzte (Sopelako Ander Deuna ikastolan, Itzubaltzeta gaztetxean eta Getxoko Txorimalo gaztetxean) finalean zein sei bertsolarik abestuko zuten erabakitzeko.
1997tik hona, lehenengoz egin da Uribe Kostako txapelketa, orain arte Ipar Uribeko txapelketan parte hartu dute eta eskualde horretako bertsolariek. Izan ere, azken urteotan nabarmen gora egin du parte-hartzaile kopuruak eta Uribe Kostak eta Uribe Butroik bakoitzak beren eskualdeko txapelketa antolatzea erabaki dute. Ipar Uribeko txapelketako final guztiak Uribe Kostan jokatu dira. 2000. urtean Ipar Uribekoa maiatzaren 27an egin zen Getxon. Sei bertsolarik parte hartu zuten eta txapela Fredi Paya algortarrak eroan zuen. 2002an, 16 bertsolarik kantatu zuten kanporaketetan eta horietatik 8 sailkatu ziren finalerako. Txapela Etxahun Lekue larrabetzuarrak jantzi zuen. 2004ean ere kanporaketa bi jokatu ziren eta 8 bertsolariko finala egin zuten. Xabier Payak jantzi zuen Ipar Uribeko txapela. 2006an, beste payatar batek jantzi zuen txapela, Itxaso Payak hain zuzen ere. Aurretik kanporaketa bi izan ziren eta guztira 14 bertsolarik parte hartu zuten txapelketan. 2008an, ostera, Arrate Illarok irabazi zuen.
Uribe Kostako finalean arituko diren bertsolariak:
• Jone Uria Albizuri. 1990, Algorta. Matematika ikasten dabil Leioan. 12 urte zituela hasi zen Algortako Bertsolari Eskolan eta ordutik bertan jarraitzen du. Eskolartekoetan hainbat urtetan parte hartu ostean, 2008ko Bizkaiko txapelketan finalaurrekotara heldu zen, baita 2009ko Euskal Herrikoan ere.
• Arrate Illaro. 1989, Algorta. Ikus-entzunezko lizentziatura ikasten dabil Leioan, baina aurten Herbereetan ibili da Erasmus-en bitartez. Desagertu den Ipar Uribe makroeskualdeko txapelduna da. Gogoratu duenez, "12 urterekin hasi nintzen Algortako Bertsolari Eskolan, eta ordutik gertu gertutik jarraitu izan dut beti Bizkaiko Txapelketa". Aurtengoa parte hartzen duen bigarren aldia izango da.
• Itxaso Paya. 1988, Algorta. Ikus-entzunezko Komunikazio eta Arte dramatikoko ikaslea. Bizkaiko Eskolarteko Bertso idatzien lehiaketan hainbat sari jasotakoa, bat-bateko Bizkaiko Eskolarteko Bertsolari Txapelketan txapeldunorde izan zen 2005an eta txapeldun 2006an. Urte horretan Bizkaiko Bertsolari Txapelketan ere parte hartu zuen eta Ipar Uribeko txapela jantzi. Hirugarren txapelketa du aurtengoa.
• Joanes Igeregi. 1985. Barakaldoko ospitalean jaio zen, eta ordutik Erandion (3 urte), Gatikan (10 urte) eta Sopelan bizi izan da. "Sopelako ikastolan izan neban bertso munduarekin lehen kontaktua. Urte batzuk ikastolan bertsotan ibili ostean, Algortako Bertsolari Eskolara joaten hasi nintzen. Batxilergoa amaitutakoan Arrasatera joan nintzen Eskoriatzan unibertsitate ikasketak hasteko. Bertan ere bertsotan egiten jarraitu neban. Aurreko irailean bueltau nintzen Sopelara, eta bi urteko geldialdiaren ostean Algortako Bertsolari Eskolara bueltatu naz bertsoei barriz ere ekiteko".
• Aitzol De Kastro. 1971, Leioa. Jaio Belgikan jaio zen arren, 6 urte zituenean etorri zen Leioara bizitzera. Soroslea dugu eta igeriketako monitorea. Orain hamabost urte hasi zen Algortako Bertsolari Eskolan eta ordutik bertsotan zein gai-jartzaile lanetan ibili da. Eskualdeko txapelketa guztietan parte hartu du, bertsolari moduan lehenengoetan eta azken txapelketa bietan gai-jartzaile eta aurkezle moduan.
• Ekaitz Larrazabal "Katxo". 1980, Algorta. Algortako Bertsolari Eskolako kidea eta 2006ko Ipar Uribeko txapeldunordea.
Finalean egin beharreko ariketak:
A atala
Binaka, gaia emanda 3na bertso zortziko handian.
Binaka, gaia emanda 3na bertso zortziko txikian.
Bakarka, hasierako puntua emanda bertso 2 zortziko txikian.
Bakarka, gaia emanda 2na bertso doinu eta neurri librean
B atala
Binaka, gaia emanda 3na bertso hamarreko txikian.
Kartzelako lana: banaka, gaia emanda 3na bertso doinu eta neurri librean.
Lehen atalean puntu gehien lortutako bi bertsolariak pasatuko dira bigarren atalera. Lehen ataleko eta bigarren ataleko puntuazioa metatu egingo dira, eta irabazleak Bizkaiko Txapelketarako pasea lortuko du. Bigarren gelditu dena eta gainontzekoak, lehen ataleko puntuazioaren arabera izango dute sailkatzeko aukera.