Lau gizonezko atxilotu ditu Ertzaintzak azken 24 ordutan, bikotekideari eraso egin diotelakoan, Eusko Jaurlaritzaren
Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez. Besteak beste, atzo arratsaldean 36 urteko gizon bat atxilotu zuten Erandion, bikotekide ohiari herio-mehatxua egitea eta baimenik gabe gidatzea egotzita. Ertzaintzak goizean izan zuen gertakarien berri, Kataluniako larrialdietarako zerbitzuak emandako abisu baten bidez, Herrizaingo Saileko iturriek zabaldu dutenez. Biktimaren aitak Bartzelonako larrialdietarako zerbitzuak eta Polizia ohartarazi berri zituen. Izan ere, suhi ohiak alaba hil egingo zuela jakinarazi ei zion telefonoz. Gainera, emakumea bizi den tokira, Erandiora, errepidez zihoala adierazi omen zion suhi ohiak biktimaren aitari. Ertzaintzak dispositiboa abiatu zuen segituan, emakumezkoa aurkitzeko eta babesteko, eta mehatxuen ustezko egilea atxilotzeko. Argazkian, emakumeenganako indarkeriaren kontrako elkarretaratzea eskualdean.