Berangoko Hirigintzako Antolaketarako Plangintza Orokor berriak jarduera ekonomikoetarako 75.000 metro koadroko eremua eratzea aurreikusten du, Ipar Arabeta eta Areneko industrialdeen artean, udal iturriek jakinarazi dutenez. Landaidako lurren kalifikazioa aldatuz batuko dituzte azpiegitura biak, industria garbiak lekutuko diren gune berri horretako komunikazioak eta sarbideak hobetzearekin batera. "Inguru hori suspertzea garrantzitsua da jarduera ekonomikoa eta enplegu sorkuntza bultzatu ahal izateko, batik bat langabezi handia dagoen krisi garai hauetan", azaldu dutenez. Egun, 15 hektarea industria lur dago udalerrian. Inolako hirigintza antolamendurik gabe, diktadura garaian eraikitako pabilioiak eta nabeak dira gehienbat. Hedatzeko asmoa daukaten hainbat fabriken garapena oztopatzen dute errepide estuek zein malkar aldapatsuek. Hori dela eta, industrialde bien artean aipatu gunea sortzea aurreikusten du Plangintza Orokorrak, erabilerak batu eta loturak zein enpresetarako sarbideak hobetze aldera. Argazkian, Anabel Landa Berangoko alkatea.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!