Ume eta gazteentzako hainbat ekimen antolatu ditu udarako Erandioko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko eka. 15a, 15:10

Erandioko Udaleko Kultura, Kirol eta Gazteria Sailak haurrentzako ekintza-egitarau zabala antolatu du udarako. Horren barruan, aisialdiaren txokoak, udalekuak, plazetako haurrentzako parkeak, kale-zinema eta piragua tailerrak izango dira, hurrenez hurren. Guzti horiekin, udalerriko haurrak udan zehar liburutegietara hurbiltzea, kirola egitea eta, batez ere, ondo pasatzea dute helburu. Halaber, gurasoei eguna libre izateko aukera paregabea eskaintzen zaiela adierazi dute Udalekoek. Argazkian, hainbat ume piragua gainean.

Aisialdiaren txokoei dagokienez, 2 eta 12 urte bitarteko umeak liburutegietara hurbilarazi nahi dituzte. Irakurtzeko ohitura hartzeko, euskarazko eta espainolezko material ugari izango dute neska-mutilek. Horretaz aparte, liburuak trukatzeko eta hainbat tailerretan parte hartzeko aukera izango dute bertaratzen diren haurrek. Gainera, ostiraletan, antzerki ikuskizunak izango dira. Txoko horiek Astrabuduako Josu Murueta, Altzagako Irailaren 23a eta Erandio Landako Euskadi (azken horretan ostiraletan bakarrik) plazetan jarriko dituzte, ekainaren 25etik uztailaren 30era bitartean, 16:30etik 20:30era.

Udalekuak 2010

Udalekuak udalerrian erroldatutako neska-mutilei zuzenduta egongo dira, 1996 eta 2003 urte bitartean jaiotakoentzat, hain zuzen. Guztira, 200 toki daude. Aurten, gainera, izena eman duten neska-mutil guztientzako tokia izango da, 193 gaztek izena eman baitute. Horrenbestez, bi txanda egongo dira: ekainaren 29tik uztailaren 14ra eta uztailaren 15etik 31ra. Prezioa 45 eurokoa izango da. Umeak zein txandatan egongo diren zehazteko zozketa ekainaren 14ean egingo dute, 14:00etan, Altzagako kiroldegian. Gauzak horrela, behin betiko izen-ematea ekainaren 16tik ekainaren 22ra egin beharko da. Aurtengo udalekuetako ekintzak batez ere kiroletakoak izango dira: talde kirolak, herri kirolak, igeriketa, abentura anitzezkoak...

Plazetako haurrentzako parkeak

Ekaina, uztaila eta iraileko igande guztietan puzgarriak eta haurrentzako tailerrak jarriko ditu Erandioko Kultur Etxeak. Astez aste, ekimenak tokiz aldatuko dituzte egutegia ondokoa dela:

- Ekainaren 13an, Irailaren 23a plazan (Altzaga)
- Ekainaren 20an, Euskadi plazan (Erandio Landa)
- Ekainaren 27an, Josu Murueta plazan (Astrabudua)
- Uztailaren 4an, Irailaren 23a plazan (Altzaga)
- Uztailaren 10an, Josu Murueta plazan (Astrabudua)
- Uztailaren 18an, Irailaren 23a plazan (Altzaga)
- Uztailaren 25ean, Josu Murueta plazan (Astrabudua)
- Irailaren 5ean, Euskadi plazan (Erandio Landa)
- Irailaren 12an, Irailaren 23a plazan (Altzaga)
- Irailaren 19an, Josu Murueta plazan (Astrabudua)
- Irailaren 26an, Josu Murueta plazan (Astrabudua)

Abuztuan zehar ez da parkerik izango udalerrian zehar umeek kanpamentuak eta jaiak izango dituztelako.

Piraguak

Hirugarrenez, Erandioko Udalak dohaineko piragua tailerra eskainiko die erandioztarrei. Asteburu guztietan (larunbat eta igandetan) izango dira, 10:00etatik 14:00etara, irailaren azken asteburura arte. Ekimena Altzagako Txurruka pasealekuko arrapalaren inguruan egingo dute.

Kale-zinema

Hirugarrenez, ekaina, uztaila eta iraileko ostiral guztietan ume zein nagusiei zuzendutako filmak proiektatuko dituzte Erandio udalerriko toki ezberdinetan. Hala ere, dirudienez pelikula bat bera ere ez da euskaraz izango.

- Ekainaren 18an, Josu Murueta plazan (Astrabudua), 22:00etan, "Como entrenar a tu dragon".
- Ekainaren 25an, Irailaren 23a plazan (Altzaga), 22:00etan, "Exposados".
- Uztailaren 2an, Irailaren 23a plazan (Altzaga), 22:00etan, "Alicia en el pais de las Maravillas".
- Uztailaren 9an, Josu Murueta plazan (Astrabudua), 22:00etan, "Cazadores de Dragones".
- Uztailaren 16an, Irailaren 23a plazan (Altzaga), 22:00etan, "La niñera magica y el bing bang".
- Uztailaren 23an, Euskadi plazan (Erandio Landa), 22:00etan, "Arthur y la venganza de Marltzazard".
- Irailaren 3an, Eskoletan (Arriaga), 21:30ean, "Furia de Titanes".
- Irailaren 10ean, Josu Murueta plazan (Astrabudua), 21:30ean "Robin Hood".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun