Larrialdi zerbitzuek euri zaparrada indartsuen aurrean errepiderako emandako gomendioak:
- Errepidean ikuspena nabarmen gutxitzen da. Argi laburrak edota, beharrezkoa bada, lainotako argiak erabili.
- Abiadura moteldu eta saiatu gogor ez balaztatzen.
- Aurreko ibilgailuarekiko segurtasun-distantzia nabarmen handitu.
- Ur-putzu bat igarotzean abiadura moteldu. Segidan, balaztak ondo dabiltzan egiaztatu.
Eusko Jaurlaritzaren Larrialdiei Aurregiteko Zerbitzuak jakinarazi duenez, bihar eta etzi, astearte eta asteazkena, Kantauri isurialdeko zenbait puntu alerta egoeran egongo dira, euria dela eta. Biharko alerta maila horia izango da. Izan ere, egun osoan zehar metro koadroko 60 litro ur jasoko dela aurreikusi dute. Halaber, asteazkenean, alerta maila laranja ezarriko dute, metro koadroko 80 litro euri izan daitekeelako. Dagoeneko SOS Deiak zerbitzuak udalak ohartarazi ditu, larrialdi zerbitzuek babeserako beharrezko neurriak har ditzaten. Bi egunetan zehar zaparrada handiak botatzeko eta txingorra egiteko arriskua iragarri dute. Argazkian, hiru neska aterkien azpian.