“Getxo Sea Week”, Getxoko Udalak antolatutako Itsas Asteak, egitarau zabala (25 jarduera baino gehiago) eskainiko du datorren astean, ekainaren 21etik 27ra, Imanol Landa alkateak eta Aitor Soloeta Turismo eta Sustapen Ekonomikorako zinegotziak gaurko prentsaurrekoan aditzera eman dutenez. Bizkaia Zubiaren ondoan kokatutako olagarro puzgarri erraldoiak eta Getxoko sarreretan ipinitako hainbat banderatxok iragartzen dute jada ekimen turistiko hori gertu dagoela. Landak adierazi duenez, “gure kostaldea eta itsas ingurua eta baita gure udalerriaren ondare arkitektonikoa ere gordetzen eta goraipatzen dituzten jarduera batzuen bitartez, batez ere familiei zuzendutakoak, udalerriaren sustapen ekonomikoa bultzatzea lortu nahi da”. Argazkian, Imanol Landa eta Aitor Soloeta Bizkaia zubiaren ondoan olagarro puzgarri erraldoiarekin / © Getxo.net.