"Bai Udalbiltzari Bai Euskal Herriari" lelopean eta Udalbiltzako auzipetuei babesa emanez, elkarretaratzeak izan ziren hainbat herritan larunbat eguerdian. Besteak beste, Algortako Telletxe plazan egindako kontzentrazioan 30 bat lagun elkartu ziren, tartean ezker abertzaleko, Eusko Alkartasuneko eta Aralarreko kideak zirela. Aurreko egunean Getxo udalerriko Bai Udalbiltzari Babes Taldearen aurkezpen publikoa egin zuten, arratsaldez, Villamonte kaleko kultur etxean. Hain zuzen ere, toki berean jarri dute hurrengo batzarrerako ordua: astelehenean, ekainak 21, 19:00etan. Sopelan, berriz, udaletxearen aurrean egin zuten, larunbatean, Udalbiltzaren aurka Madrilen egingo duten epaiketa salatzeko elkarretaratzea. Bertan, tokiko udal erakundean diren eta izan diren zinegotzi ezberdinek parte hartu zuten, Sopela.net agerkari digitalak adierazi duenez. Bildutakoak herriko kaleetatik ibili ziren auzi horren salaketa eginez. Orriak banatzeaz gain, kotxeko megafoniarekin epaiketa horren nondik norakoak salatu zituzten. Argazkian, Algortako kontzentrazioa.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!