Ahaztuak 1936-1977 elkarteak deituta, joan zen ostiralean, ekainak 11, ehun bat lagun elkartu ziren Erandioko metro geltoki ondoan, Anton Fernandez zenari frankismoaren biktima izaera zein dagozkion eskubide guztiak aitor zaizkiela eskatzeko asmoz. Altzagarraren senide eta auzokideekin batera, 1969ko urriko gertaeretan ere polizia armatuak hildako Josu Muruetaren etxekoek ere izan ziren protestan; baita Joseba Goikouria Erandioko alkatea bera, EAJ zein ezker abertzaleko udal hautetsiak eta Eusko Alkartasuneko kideak ere. Fernandezi ez bezala, Murueta astrabuduarra frankismoaren biktimatzat hartu dute. Hala ere, ostiralekoa, prestatutako ekimenen artean lehendabizikoa baino ez da. Biharko bozeramaileen batzordean eta hilaren 24ko udal batzarrean mozioa eztabaidatuko dute, altzagarrari ere eskubide berberak onar diezazkioten. Izan ere, Ahaztuak elkarteko Martxelo Alvarezek "surrealista bezain lotsagarriak" jo zuen Oroitzapen Historikoaren Legea aplikatzeko ebaluazio batzordeak hartutako erabakia. Salatu zuenez, "poliziek tiroz hil zutenean, manifestazioan egon beharrean, balkoitik begira zegoela" erabili dute argudiotzat, Anton Fernandezi frankismoaren biktima izaera ukatzeko. Argazkia: © Ahaztuak 1936-1977.