Tokian tokiko Udaltzaingoak eta Larrialdi Zerbitzuak hainbat ibai zaintzen ari dira, tartean Gobela, Butroe eta Asua, Uribe Kosta eta Erandion. Izan ere, gainez egingo duten beldur dira. Eusko Jaurlaritzako
Herrizaingo Sailak adierazi duenez, emariak handituta daude azken orduetako euriteen ondorioz, baina oraingoz ez da uholderik jazo eta sare nagusiko errepide guztiak zabalik daude. Udal teknikoak ibaien zain daude, atzo aurre-larrialdi fasea piztu baitzuen Gasteizko Gobernuak. Besteak beste, tokiko agintari getxoztarrek herritarrei gogoratu diete, prebentzio bezala, urez betetzeko arriskua duten garajetan eta Gobela ibaiaren ondoan autoak ez uzteko.
Leioako Udalak ere badaezpadako neurriak hartu ditu eta herritarrei kontuz ibiltzea gomendatu die, batez ere errepidean. Ertzaintzak ere kontu handiz gidatzeko gomendatu du, ura pilatzen ari baita errepideetan. Argazkian, larrialdietako arduradunak Gobelari adi aurreko batean.