Hiru kanporaketa egin ondoren, larunbatean egun handia iritsi zen: Uribe Kostako finala. Sei bertsolari, nor baino nor gehiago, txapel preziatuaren bila eta Bizkaiko Txapelketarako txartela lortzeko asmotan. Uribe Kostako Txapelketari buruzko historia oso ondo laburtu zuen Xabi Paya gai-jartzaileak: "Uribe Kostako lehen txapelketa 1994an egin zen, egunotan mende erdiko ospakizunetan dabilen Algortako Bidebitarte txokoan. Saio aitzindari hartan, Uribe Kosta, Uribe Butroe eta Txorierriko sei bertsolarik parte hartu zuten, tartean Unai Elorriaga idazle ezaguna. Txapela lehiakide txikienak eskuratu zuen, artean ilean marra egiten zuen ume ahotseko Fredi Paya, 13 urteko mutikoa", adierazi zuenez.
"Ordutik gure eskualdeak Bizkaiko Txapelketarako baliagarri izan diren saio guztietan parte hartu izan du, Ipar Uribe eskualde multzoko lehiaketan bertsolari kopurua handiena eskainiz", jarraitu zuen Xabik. "Hamasei urte geroago, Uribe Kostak bere bertso aberastasuna erakusteko aukera berreskuratu du. Izan ere, Uribe Kostak, ekonomia oneko eskualdearen fama izateaz gain, bertsolaritzan ere ezin oparoagoa izatearen ospea behar luke. Horren seinale, Bizkaiko eskualde guztietatik aurten lehiara bertsolari gehien aurkeztu duena izatea. Eta, zin dagizuet, kantitatearen neurrikoa dela kalitatea ere", amaitu zuenez.
Ale politak
Saioa bizi joan zen. Aipatzekoa da Aitzol de Castrok eta Itxaso Payak eginiko ofizioa zortziko nagusian (mp3). Ale politak utzi zituzten. Zortziko txikian, Arrate Illarok eta Joanes Igeregik (mp3), edo Jone Uriak eta Aitzol de Castrok egindako ofizioek entzuleen artean barre algarak sortu zituzten. Lehen puntuak erantzutea ez da lan erraza izan, baina hemen ere ale politak entzun genituen. Bakarkakoan, Aitzol de Castrok (mp3), tragikoa izan zitekeen gaiaren aurrean, buelta eman eta entzuleen txalo zaparrada jaso zuen.
Buruz buru
Lehen fasea bukatuta, epaileek erabaki zuten nortzuk igaroko ziren buruz burukora: Itxaso Paya Ruiz eta Jone Uria Albizuri. Hamarreko txikian (mp3) hiruna bertso osatu zituzten eta ondoren kartzelan hiruna bertso bota behar izan zituzten neurri eta doinu librean. Hamarreko txikian, ale umoretsuak entzun genituen. Hegazkinean zihoazen biak, eta Itxasoren ondoan zegoen ezezagunak, Jonek, gogor besarkatu zuen payatarra, ekaitza zela eta. Kartzelan ale hunkigarriak entzun genituen. Biek sentiberatasun handia erakutsi zuten presondegira sartzen ari den neskaren paperean.
Kartzelaren ondoren, Jone Uria suertatu zen txapeldun. Hona hemen botatako azken agurra (mp3):
Trinok, Josebak ta Andonik
sortu zuten erresuma,
Miren, Goizalde, Xabi ta
Fredik orain lan astuna.
Nahikari ta Beñat, berriz,
bermatzen etorkizuna,
Geko eskolari esker
daukagu freskotasuna.
Itxaso, Arrate, Peru
lagun koadrila kutuna,
baita atzetik datorren
gazteagoen bilduma.
Nahiz ta bakoitzak daukagu
geure berezitasuna,
familia ederra da
denok osatzen duguna.
Uribe Kostako finaleko bertsoaldi onenak:
- Itxasoren lehenengo agurra (entzun).
- Aitzol eta Itxaso zortziko nagusian (entzun).
- Joanes eta Arrate zortziko txikian (entzun).
- Arrate puntuari erantzuten (entzun).
- Arrate bakarkakoan (entzun).
- Aitzol bakarkakoan (entzun).
- Itxaso bakarkakoan (entzun).
- Itxaso eta Jone hamarreko txikian (entzun).
- Jone kartzelako lanean (entzun).
- Aitzolen azken agurra (entzun).
- Joneren azken agurra (entzun).
Ikusi bideoak:
Kopla Barik TB on Vimeo.