Uholdeak gertatzeko arriskua ikusita, Eusko Jaurlaritzak larrialdi fasea aktibatzea erabaki du gaur eguerdian. Butroe ibaiak dagoeneko gainezka egin du Mungiako puntu batzuetan. Asua erreka zaintzen ari dira. Gobela ibaiaren emaria, berriz, alerta mailatik gertu dago. Ondorioz, Getxoko Udalak berriro ere eskatu die Neguri Langile, Makaleta, Salsidu-Zubieta eta Aldapako bizilagunei autoak garajeetatik zein arrisku guneetatik kentzeko, baita baliozko gauzak lonjetatik ateratzeko ere. Bestalde, Larrañazubi ikastetxeak eskolaz kanpoko jarduerak bertan behera utzi ditu eta DYAren eguneko zentroak itxiera ordua aurreratu du. Fadurako kiroldegia ere zarratuta dago, udal arduradunen erabakiz. Dagoeneko harezko zakuak jartzen hasi dira atari zein lonja eta garajeetako sarbideetan. Argazkian, auzokideak Gobelari adi aurreko batean.