Aurten gertatutakoan eragin handia izan du orain dela bi urte ALBE eta Bizkaiko Bertsozale Elkartearen artean izandako eztabaidak, hori barik ez bailitzateke egongo aurtengo marka. Ipar Uribek 20 bertsolari aurkeztu zituen orduan eskualdeetako txapelketetara, Arratian, Bilboaldean, Enkarterriak eta Lea Artibain, seikotetik ez zirenean pasatzen. Durangaldean eta Busturialdean ere ez zen bertako mailara heltzen, hurrenez hurren 11 eta 8 partaide zirela. Finalak baino ez zirenez puntuagarriak Bizkaira jauzia emateko, Algortako eskolak Ipar Uribeko bertsolariak diskriminatuta zeudela salatu zuen orduan, zailago baitzen bertan sailkapena eskuratzea. Proposamena ere egin zuten: Areetako finalean zortzi bertsolari aritzea. Bizkaiak, baina, ez zuen aukera hori onetsi baina gaia aztertzekoa zela onartu egin zuen.
Gauzak horrela, Ipar Uribe zena bitan zatitu zen aurten, alde batetik 1994 eta 1997ko Uribe Kostako Bertsolari Txapelketa berreskuratuz eta beste aldetik, Txorierriz, Mungialdeaz eta Leioaz osatutako Uribe Butroe eskualde berria sortuz. Biak ala biak, gainera, indartuta irten dira. Uribe Kostan, 15 partaide eta 3 sparring aritu dira eta Uribe Butroen, berriz, 11 eta 1. Legezko 26 partaide izan dira, beraz, orain dela bi urte baino %30 gehiago.
Mungiarrak lehen aldiz eskualdeko txapeldun
Halere, uribekostarrentzat historikoa bada ere Bizkaian bederatzi ordezkari izatea, aurtengo datu historikoa Mungian dago. Izan ere, Uribe Butroeko Bertsolari Txapelketaren lehenengo edizioa dela medio, historian lehen aldiz mungiar batek irabazi egin du bere eskualdeko txapela. 1959tik hona Mungialdeko eta Ipar Uribeko txapelketan ezinezkoa izan zena lortu zuen aurrekoan Mikel Goiriena gazteak. Derioko Gurea aretoan izan zen finala, 120 bat bertsozaleren aurrean. Buruz burukoan, Olatz Ibarluzeari nagusitu zitzaion Goirienak, eta Taket bertso eskolaren jabetzako saioa borobiltzeko Karlos Ibarzabal eskola sortzaileetarikoak jantzi zion txapela Mungiako mutilari. Etxean jokatu arren, buruz burukoaren atean gelditu zen Ortzi Garitano deriotarra, Iker Gangoitiren hutsunea bete zuena. Leioako ordezkaritza, Peru eta Beñat Vidal, laugarren eta bosgarren tokiarekin konformatu behar izan ziren. Seigarren, ordea, Asier Legarreta mungiarra amaitu zen.
Batzuentzat ezustekoa izango da Mikel Goiriena txapelaren jabe bihurtu izana, baina 2008ko Ipar Uribeko txapelketan Fikako kanporaketan abesten entzun zutena, bere bertsokera azkarra, ahaltsua eta ironikoa gogoratuko dute. Orduan, alde teknikoak hobetzea falta izan bazitzaion, pasa diren bi urte hauek ederto erabili ditu. Larrabetzun eta, are gehiago, Derion bere buruaz seguruago agertu eta emaitzak entzungarriak izan dira. Horri, gainera, arerioen akatsak gehitu egin behar zaizkio. Buruz buruko ofizioan, Olatz Ibarluzeari doinua ahaztu zitzaionekoa, kasu. Goiriena, Ibarluzea eta Legarreta izango dira Mungialdeko partaideak eta Ortzi Garitano lehiatuko da Txorierritik, Etxahun Lekue lagunduz.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketa 2010
Zuzenean finalaurrekoetarako sailkatuta:
• Igor Elortza
• Unai Iturriaga
• Arkaitz Estiballes
• Iratxe Ibarra
• Onintza Enbeita
• Etxahun Lekue
• Xabi Paya
• Fredi Paya
Bizkaiko eskualdeetako txapelketen irabazleak:
• Jone Uria, Uribe Kosta
• Mikel Goiriena, Uribe Butroe
• Oihana Bartra, Bilboaldea
• Eñaut Intxaurraga, Arratia
• Joseba Artza, Lea Artibai
• Miren Amuriza, Durangaldea
• Ion Barrocal, Enkarterria
• Xabi Enbeita, Busturialdea
Bizkaiko eskualdeetako txapelketetan puntuz sailkatutakoak:
• Gorka Lazkano, 262
• Eneko Abasolo, 252
• Gorka Ostolaza, 243,5
• Iñaki Iturriotz, 243
• Ander Elortegi, 239,5
• Beñat Ugartetxea, 237,5
• Eñaut Uruburu, 233,5
• Itxaso Paya, 232
• Olatz Ibarluzea, 232
• Xabat Galletebeitia, 231,5
• Eneko Arrate, 231,5
• Lander Ibarluzea, 231
• Aitzol de Castro, 226,5
• Iker Belaustegi, 226,5
• Arrate Illaro, 225,5
• Ortzi Garitano, 223
• Joanes Igeregi, 221,5
• Julen Sololuze, 219,5
• Pello Ormazabal, 218,5
• Peru Vidal, 217,5
• Beñat Vidal, 216
• Asier Legarreta, 214,5
Bizkaiko eskuald txapelketetako finaletan aritutakoak:
• Julen Erezuma, 214
• Jokin Castaños, 212,5
• Irati Astondoa, 209
• Irati Erkizia, 207,5
• Aitor Arrizubieta, 206,5
• Arkaitz Zipitria, 205
• Aitor Beitia, 200,5
• Mikel Galarza, 199
• Ekaitz Larrazabal "Katxo", 196
• Aitor Arrutia, 194,5
• Jon Arano, 194
• Illart Gumuzio, 178
• Idoia Anzorandia, 172
• Imanol Arrutia, 171,5
• Aingeru Basterretxea, 160
• Eneko Piedra, 155