Mankomunitateko arduradunen hitzetan, kanpainak hainbat helburu ditu: "Bizimetako erabiltzaileek zerbitzu honetaz zer uste duten jakitea, erabiltzaile berriak geureganatzea, Bizimeta zerbitzua herritar guztiei ezagutaraztea eta egingo diren hobekuntzak gizarteratzea", besteak beste. Gainera, ekainaren 28tik uztailaren 2ra, bizikletan ibiltzen ikasteko bi ikastaro egingo dira: horietako bat 0 mailakoa da, bizikletan inoiz ibili ez direnentzat edo aspalditik ibili ez eta orekari eusten ere ez dakitenentzat. Eskainiko duten beste ikastaroa lehenengo mailakoa da: oinarrizko ezaguerak izan, orekari eutsi baina ibilbide luzeak egiteko trebetasunik ez dutenentzat. Ikastarook arratsaldez izango dira. Bata, 16:00etatik 18:00etara eta, hurrengoa, 18:30etik 20:30era, aste batean zehar, astelehenetik ostiralera arte, Sopelako Zipiriñe Ikastetxean.
Ate irekiko jardunaldien egutegia:
- Ekainak 17, osteguna: Sopelako igerilekuetan (10:00-14:00) eta bertoko kultur etxean (16:00-20:00).
- Ekainak 18, ostirala: Urdulizko metroan (10:00-14:00) eta udaletxean (16:00-20:00).
- Ekainak 19, larunbata: Armintzako portuan (10:00-14:00) eta Barrikako udaletxean (16:00-20:00).
- Ekainak 24, osteguna: Plentziako zubian (10:00-14:00 eta 16:00-20:00).
- Ekainak 25, ostirala: Gorlizko udaletxean (10:00-14:00 eta 16:00-20:00).
- Ekainak 26, larunbata: Berangoko metroan (10:00-14:00 eta 16:00-20:00).