Hondartzetako denboraldi hasiera eta opor sasoia aprobetxatuz, Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateko Kontsumo Sailak eta Ekogunek, fruitu lehorrak eta horien azalak biltzeko poltsen banaketa kanpaina jarri dute abian, “Zaindu ezazu Uribe Kosta” lelopean. Aurreko urteetan, hareatzetan erabiltzeko hautsontziak banatu dituzte. Poltsei dagokienez, konpartimentu biko paperezko edukiontziak dira. Konpartimentuetako batean fruitu lehorrak eta bestean azalak jartzen dira, gero guztia paperontzira botatzeko, horrela ingurua zikintzea saihesteko. Fruitu lehorretarako poltsen banaketa, eskualdeko hondartzetan, Mankomunitateko Turismo bulegoetan eta udalerri bakoitzeko udaletxeetan egingo da, bukatu arte. Tokiko arduradunek gogoratu dutenez, "gure ingurua garbi mantentzea, heziketa kontua da, inguru natural eta zikinkeriarik gabekoaz gozatzea guztion eskubidea den bezala". Bestalde, Uribe Kostako Mankomunitateak tokiko mugikortasun planaren egikaritzan parte hartzera animatu ditu herritarrak, "auzokideen bizi kalitatea hobetzeko" asmoz. "Zure iritziak lagunduko digu" arduradun uribekostarrek adierazi dutenez. Dokumentuak Interneten kontsulta daitezke. Argazkian, fruitu lehor azalak batzeko poltsa / © Uribekosta.org.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!